EAJk "errietaren bitartez funtzionatzen" duela dio PSE-EEk
Arartekoak "etengabeko lankidetza falta" leporatu berri dio Hondarribiko Udalari, eta sozialistek ohartarazi dute "delitua dela erakunde horrekin lankidetzan ez aritzea herritarren kexa bat agertzen denean".
Hondarribiko PSE-EE taldeko Iosu Alvarezek “errietaren bitartez funtzionatzea” leporatu dio EAJri. “Oso larritzat” jo du Arartekoak herriko EAJri egindako ohartarazpena. Honetan “etengabeko lankidetza falta” leporatu zion Arartekoak EAJri. Alvarezek ohartaraz du “delitua dela erakunde horrekin lankidetzan ez aritzea herritarren kexa bat agertzen denean”.
Arartekoaren salaketa horrek “EAJk errespetu eta gardentasun falta handia” duela agerian utzi duela dio Alvarezek, “behin eta berriz egindako eskakizunei erantzun ez baitio”. “Ohituta gauden errespetu falta da, ez da onargarria Hondarribiko Udalak bizilagunen kexak ez erantzutea, eta beste behin egiaztatu da EAJk bere interesak baino ez dituela defendatzen, eta gobernatzen duela bereentzat. Interes orokorrak ez zaie axola”.
Urtearen balantzea egiteko atzo egindako prentsaurrekoan Hondarribiko Udalari lankidetza falta aurpegiratu zion Arartekoak. Eta sozialistek diote “orain ulertu dugula zergatik iragarri zuen udal gobernuak ekainetik aurrera auzoen autoak Alde Zaharrera igotzen bakarrik utziko dituztela”. Hori bizilagunen “etengabeko kexa” izan dela erantsi du bozeramaileak, eta udalak urteak daramatzala “esku hartu gabe”. Izan ere, udalari ohartarazpen gutun bat bidali zion Arartekoak, salaketa penala jarri aurretik egindako urratsa izan zen hori, “udalak ez bazuen ezer egiten”. Horregatik, atzokoa ikusita, “EAJk errietaren bitartez funtzionatzen” duela salatu dute sozialistek.
Azkenik, Arartekoa Eusko Legebiltzarraren goi mandataria eta pertsonen eskubideak defendatzen dituen erakundea dela erantsi du. Beraz, erakunde “independente eta alderdikeriarik gabekoa” denez, Arartekoarekiko errespetua eskatu du Alvarezek.