Bidasoko Ospitaleak sei kirofano "moderno" izango ditu
Orain baino bi ebakuntza gela gehiago izango ditu eskualdeko osasun zentroak. 7,8 milioi euroko inbertsioa egingo du Jaurlaritzak eta obrak 2024an hastea aurreikusi dute.
Bidasoko Ospitaleak sei kirofano berri izango ditu, gaur egun baino bi gehiago. Hala jakinarazi dute Osakidetzako iturriek. Aurreratu dutenez, aste honen bukaeran aterako dute lizitaziora proiektua idazteko lana eta obra zuzendaritza. Orotara 7,8 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute. Osakidetzaren iturrien arabera, lan hauei esker “ospitalguneak kirofano modernoagoak, zabalagoak eta profesionalentzako erasoagoak” izango ditu.
Obra hauekin asistentzia kalitatea hobetu nahi dute, eta gaur egungo jarduera kirurgikoaren premiei erantzuteko aukera emango duela diote. Sei ebakuntza gelez gain, gaur egungoa baino gaitasun handiagoa duen Bizkortze Unitate bat ere sortuko dute. Bloke honek ospitalizaziorik gabeko kirurgia unitate bat ere izango duela aurreratu dute, baita esterilizazio eremu zabal bat ere.
Lanek ez dutela ospitalearen jarduera kirurgikoa eragotziko esan dute, izan ere, zentroan programatutako jarduera orori eutsiko diote lanak iraun bitartean, egungo instalazioetan egingo baitira. Hala, erabiltzaileek ez dira beste zentro batera mugitu beharko.
Bloke kirurgikoa berritzeko lanak datorren urtean hastea aurreikusi dute.