Bertako produktuen astearen zazpigarren edizioa, apirilaren 17tik 22ra
Tailerrak, bisitak, showcooking ikuskizunak eta beste zenbait ekitaldi egingo dituzte. Ezinbestekoa izango da izena ematea.
Hondarribiko bertako produktuen astearen zazpigarren ekitaldia egingo dute datorren apirilaren 17tik (astelehena) 22ra (larunbata). Gaur aurkeztu dute aurtengo egitaraua, Juan Luis Silanes Ingurumeneko zinegotziak eta egitasmoan parte hartzen duten herriko zenbait sukaldari eta bertako ekoizlek. Damarri plazako azokan bildu dira.
Aurreko edizioetan bezalaxe, aurtengoak ere “Hondarribiko Azokaren irudia eta bertako produktua bultzatzea” izango du helburu, “baita gure ekoizleen lanaren eta iraunkortasunaren inguruan eta elikadura ohitura osasungarrien alde egiten duten ekarpenaren garrantzia nabarmentzea ere”, esan du zinegotziak.
Horretarako, 15 ekitaldi antolatu dituzte, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea. Apirilaren 3tik 12ra apuntatu beharko dira herritarrak, webgune honetan.
Denetik prestatu dutela aurreratu dute gaurko aurkezpenean: herriko baratzearen inguruko tailerra, Vietnamgo sukaldaritza, eskulan dibertigarriak, txokolatezko madalenak, gozotegi osasuntsua… Aurten, gainera, ikuskizun gastronomiko bat ere izango dela erantsi dute, San Gabriel egoitzan egingo dute.