Agintaldi Plana %75ean bete dutela dio alkateak
2019ko ekainean hasi eta 2023ko ekainean bukatuko den legealdiaren gaineko balantzea egin berri du Txomin Sagarzazuk. "Agintaldi berezi eta exijenteari ondo" erantzun diotela esan du.
Txomin Sagarzazu alkateak EAJren Udal Gobernu Taldeak egindako Agintaldi Planaren balantzea egin berri du, 2019ko ekainean hasi eta 2023ko ekainean bukatuko den legealdiaren gaineko datuak eman ditu. Alkatearen arabera, %75ean bete dute plan horretan jasotakoa.
“Nire bigarren agintaldia oso berezia izan da. Lehenbizikoan betetako helburuez gain, abian genituen hainbat proiektu agintaldi honetan garatzeko eta beste berri batzuk ere zehaztu bagenituen ere, bi gertakari nagusik eragin digute hasierako asmoa errealitate berrira egokitzea: pandemiari aurre egitea, alde batetik, eta 2017ko Hirigintza Plan Orokorra baliogabetzeari Plan Berriaren bidez erantzun behar izatea”, esan du alkateak.
Pandemiari udalak “ongi” erantzun diola erantsi du, “herritarrak erdian” jarri dituztela. Itxeki Hondarribia diru laguntzak aipatu ditu, besteak beste.
HAPOren baliogabetzeari dagokionez, hirigintza arloko lehentasunak aldatu behar izan direla esan du, eta orduz geroztik “lan handia” egin duela udalak. Datozen asteetan HAPO beraren hasierako onarpena egin nahi duela ere esan du. Horri lotuta erantsi du lehen garabiak aurki hasiko direla Presa I-ean lanean babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen.
Agintaldi Planak 43 helburu ditu, eta 103 proiektu orotara. 39 proiektu nabarmenen artean %67k garapen maila altua izan dutela dio; %28k ertaina eta %5ek baxua. “Balorazio positiboa egin behar da, eta aipatu behar da ere autobusa jartzeko proiektua martxan jartzea ez dugula lortu eta Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa ezta”, erantsi du Sagarzazuk.
Garapen maila egokia izan duten proiektu guztiak zerrendatu ditu alkateak. Lotura honetan kontsulta daitezke guzti horiek.