Mariño-Real Union, emakumeen futbola indartuko duen proiektua
Irungo bi taldeek indarrak batu dituzte emakumeei futbol proiektu sendo eta indartsu bat eskaintzeko. Lau urteko hitzarmen bat sinatu dute, baina denboran luzatzea gustatuko litzaieke klubetako ordezkariei.
Irunen, Bidasoan eta Gipuzkoan emakumeen futbola indartuko, sustatuko eta bultzatuko duen proiektu bat aurkeztu dute gaur goizean: Mariño-Real Union. Mariñoko nesken egitura Real Unionekin elkartu da neskei proiektu sendo eta indartsu bat eskaintzeko. Igor Emery Real Unioneko presidenteak aurreratu du lau urteko hitzarmen bat sinatu dutela, baina ez du ezkutatu proiektua denboran luzatzea gustatuko litzaiekeela, sinatutako lau urte horiez harago joango dena.
Gaur aurkeztu duten hitzarmena atzo sinatu zuten Javier Mariño Mariñoko presidenteak eta Igor Emeryk. Real Unioneko lehendakariak onartu du “prozesu luzea” izan dela, urte eta erdikoa. Denbora hori gogoeta eta hausnarketa handikoa izan dela esan du Emeryk, bilera askorekin, “ikusteko zein zen modu onena proiektua aurrera ateratzeko”. “Gaur egun garrantzitsua da Irungo futbolarentzat. Iruni proiektu sendo eta indartsu bat eskaini nahi genion, eta uste dut hau dela bidea. Mariñok emakumeen futbolean egin duen lana ezin dugu ahaztu, horri esker aurkezten baitugu gaur hitzarmen hau”, adierazi du txuribeltzen presidenteak.
Mariñok hogei urte daramatza Bidasoan emakumeen futbola ikusarazten, neskei ahotsa ematen. Aitor Muñoz klubeko zuzendaritza taldeko kide da, eta jakinarazi du 2003an hasi zela Mariñoko nesken ibilbidea, “emakumeen futbolean ez zegoenean oraingo gorakada”. 2003an Javier Mariño presidenteak “emakumeen futbolaren aldeko apustua” egin zuen, eta ordutik proiektua handitzen eta egonkortzen joan da. Muñozek zehaztu du, egun, emakumeen egituran sei talde eta futbol eskola dituztela, eta ehun jokalari baino gehiago hurbiltzen direla klubaren instalazioetara. “Ziur nago hitzarmen honekin nesken kopuru hori handituko dela, neska asko baitaude futbolera jokatu nahi dutenak”, esan du zuzendaritzako kideak.
Real Union Mariñorekin kontaktuan jarri zenean proposamen “sendo eta argi” batekin zuzendu zitzaizkiela aitortu du Muñozek. Hori dela eta, Mariñok hasieratik “begi onez” ikusi zuen txuribeltzen proposamena, “bi taldeei batera joateak” lagunduko baitie. “Real Union erreferentziazko taldea da Irunen eta Mariño erreferente da emakumeen futbolean. Hortaz, zerk huts egin dezake?”, galdegin du klubeko ordezkariak. Horrez gain, Muñozek argi utzi du Mariño-Real Union proiektua “futbolera jokatu nahi duten neska guztientzako” irekia dagoela, eta “gogotsu eta ilusioz” daudela martxan jartzeko.
Reala, federazioa, udala eta aldundia, bidelagun
Proiektua egikaritzeko izandako laguntza eta sostengua ere ez dute ahaztu klubetako ordezkariek, alboan izan baitituzte Reala, Gipuzkoako Futbol Federazioa, Irungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Realaren izenean Garbiñe Etxeberria emakumeen kirol zuzendaria izan da Irunen, eta onartu du Realarentzat “handia” dela akordio hau. Etxeberriak azaldu du Bidasoan “lan handia” egin dela emakumeen futbolaren alde, eta “emaitzak bistan” daudela. Sandra Ramajo Realeko jokalari ohiari keinu egin dio, aurkezpenean baitzen. Ramajo nesken lehen taldearen entrenatzaile eta emakumeen egituraren koordinatzailea da egun.
Etxeberriak esan du Reala “pozik” dela proiektuarekin, “emakumeen futbola indartuko” baitu: “Bi talde handi dira, eta bat egiteak proiektua indartuko du. Mariñok lan asko egin du emakumeen futbolean eta oinarriak jarrita daude”. Horrez gain, Realeko kirol zuzendariak argi utzi du, Reala “ondoan” izango dutela proiektua “bultzatzeko eta egiten duten lanean sinisteko”.
Gipuzkoako Futbol Federazioa ere presente izan da gaurko agerraldian Manu Diaz presidentearekin. Diazek nabarmendu du “gaur proiektu garaile bat” hasten dela, eta hemendik aurrera Mariño-Real Union proiektua eskualdean eta Gipuzkoa osoan “protagonista” izango dela.
Presidenteak federazioa emakumeen futbolaren alde egiten ari den lana azpimarratu du. Datuei erreparatuz, aurten 120 emakume titulatu dira entrenatzaile izateko, eta ia 4.000 neska daude Gipuzkoan futbola praktikatzen. “Zifra horiek gaindiezinak dira estatuko datuekin alderatuz gero. Gipuzkoako umiltasunetik egoera horretaz harro egon behar dugu. Gure erronka da Gipuzkoako emakumeen futbola indartzen jarraitzea. Berdintasunaren bidean soilik aurrerapausoak eman ditzakegu. Emakumeen futbola ez da apaingarri bat gure federazioarentzat. Guretzat pasio bat da hau eta nahi duguna da jokalariek bide honetan lagun gaitzaten”.
Jose Antonio Santano alkateak ere bi klubak zoriondu nahi izan ditu proiektu hau egikaritzeko egindako lanagatik, eta onartu du udalarentzat “berri handi” bat dela. Alkateak baietsi du emakumeen eta gizonen berdintasuna “ekintzetan neurtzen” dela, eta honakoa bezalako iniziatibak direla “modu onena”. Santanok gaineratu du Mariñok eta Real Unionek argi zutela elkartzea “funtsezkoa” zela, bien arteko “indarrak batzeko”.