Energia berriztagarriez arituko da gaur Irunen Mikel Otero legebiltzarkidea
Hitzaldi ziklo baten hasiera izango da gaurko saioa, 'Energia berriztagarrien komunitateak, autokontsumoa eta efizientzia energetikoa' deiturikoarena. EH Bilduk antolatutako hitzaldia Palmera Monteron izango da gaur, 18:30ean.
EH Bilduk gonbidatuta Irunen izango da Mikel Otero Gabirondo legebiltzarkidea, eta energia berriztagarriak Euskal Herrian izango ditu hizpide.
Alderdiak azaldu du ziklo baten hasiera izango dela Irungo saio hau. Hain zuzen, Energia berriztagarrien komunitateak, autokontsumoa eta efizientzia energetikoa hitzaldi zikloa egingo dute Irunen.
“Auto-ekoizpenaz, auto-kontsumoaz, horretarako hiritarrak antolatzeko dauden aukeraz, eta honek guztiak ekarriko duen onuraz hitz egiteko” prestatu dituztela hitzaldiak adierazi du EH Bilduk.
Lehen saiorako, Otero gonbidatu dute, aditua baita trantsizio ekologikoan eta energia berriztagarrietan eta bien arteko loturak egingo ditu. Gainera, jorratuko duten gaia EAEn zein egoeratan dagoen ere ekarriko du Irunera legebiltzarkideak
Hitzordua gaurko finkatu dute, Palmera Monteron, 18:30ean. Ez da aurretik izena eman behar. Ondorengo saioak apirilean eta maiatzean egingo dituzte, datak aurrerago finkatuko dituzte baina hitzaldiak zein izango diren jada jakin daiteke:
Apirilean: Zer dira energia berriztagarrien komunitateak?
Maiatzean: Energia berriztagarrien komunitateak. Esperientziak partekatuz.