Bidasoa Irun, "ilusio guztiarekin" Lisboara
Hiru goleko errentarekin ekingo diote gaur bidasoarrek Lisboan Europa Ligako final zortzirenetako itzuliko partidari. Joaneko neurketan 30-27 nagusitu ziren irundarrak Lisboako Sportingen aurka.
Iragan asteartean joaneko partidan nagusitu ondoren, Europa Ligako final zortzirenetako itzuliko neurketa jokatuko du gaur Bidasoa Irunek Lisboan, 20:45ean. Jacobo Cuetararen mutilek hiru goleko abantailarekin ekingo diote Lisboako Sportingen aurkako partidari, Artalekun 30-27 nagusitu baitziren irundarrak. Bidasoarrek helburu argiarekin ekingo diote gaurko lehiari: txapelketako zortzi talde onenen artean egotea.
Cuetara prestatzaileak aurreratu du “ilusio guztiarekin” egingo diotela aurre gaurko erronkari: “Lehiakorrak izan gaitezkeela uste dugu, hirurogei minutuei eutsi behar diegu. Hiru goleko alde horrek, txikia bada ere, aldeko partzial batekin kanporaketan sartzeko edo pasatzeko aukera ematen dizu. Kontzentrazioa hirurogei minututan mantendu behar da. Taldea animoz ondo dago, pozik eta ilusioz, eta fisikoki ondo. Partida gogorra izan genuen, baina bajarik gabe gaude, soilik Mihajlo Miticena”.
Azken asteetan Bidasoak Artalekutik urrun zeraman bolada txarra irauli du, Asobal Ligako etxetik kanpoko azken bi partidak irabazita, eta Cuetarak aitortu du “gogotsu” daudela denboraldiko azken txanparako: “Aste batzuk daramagu ondo, emaitza eta joko onarekin. Gero geldialdia etorri zen, eta badirudi berriro ondo hasi garela. Pozik gaude etxetik kanpo garaipen bat lortzea beti delako garrantzitsua. Ikusten da zein zaila den Asobal Liga, azken emaitzek erakusten duten bezala. Gogotsu eta indartsu gaude denboraldiko azken txanparako eta gaurko partidarako”.