Txinzerreko lan harremanen auzian "kudeaketa zuzena" egiteko eskatu dute
EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta Abotsanitz taldeak Txinzerreko langileen harremanen politikarekin kezkatuta daude. Agerraldia egin dute gaur, besteak beste, giza baliabide politika aldatu dezatela eskatzeko.
EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta Abotsanitz taldeek agerraldia egin dute gaur. Txingudiko Zerbitzuak-eko (Txinzer) lan harremanen politikarekin kezkatuta daudela esan dute, eta zenbait eskaera egin dizkiete Irun zein Hondarribiko alkateei.
Azken urteetan Txinzerreko administrazio kontseiluan elkartearen lan harremanen politikaren ondorioz langileen artean “lan gatazka ugari sortu” direla esan dute. Hiru taldeek lan gatazka hauek elkarrizketaren eta negoziazioaren bidetik “zuzentzeko” eskaerak egin dituztela gogorarazi dute. Administrazio kontseiluan ere maiz aldarrikatu dute “langilegoarekiko arazoen kudeaketa ezegokia” zela, eta “deseroso sentitzen ginela”.
Hiru taldeek gogorarazi nahi izan dute Txinzer “ekarpen publikoz eta zerbitzu publiko batzuk eskaintzeko helburuz” osatutako elkartea dela. Hau horrela, taldeek diote giza baliabideetan “eredugarria izan behar duen elkartea dela”. “Administrazio publikotik lan gatazkak bideratzeko langile ordezkariekin elkarlanean aritu behar duela eta konponbideak negoziaziotik eratortzea ezinezkoa bada, juizioz kanpoko konponbide sistemak lehenetsi behar dira, hau da, bitartekaritza edo arbitrajea”, esan dute gaurkoan.
Azken urteetan, gainera, hainbat lan gatazka epaiketa prozesuetan bukatu direla erantsi dute, “inoiz eman behar ez ziren prozesuetan”. Negoziatzen saiatu diren arren, Txinzerren aldetik langileek “jarrera zurruna” jaso dutela diote, “eta ez dugu enpresa politika hau partekatzen”.
Hala, Irungo eta Hondarribiko alkateei “elkartearen langileekiko harremanen auzian kudeaketa zuzena egin dadila” eskatu diete. Giza baliabide politika aldatu dezatela ere eskatu ditu, “elkartearen lan giro orekatua baliatuz, ezinbestekoa dugun zerbitzu publiko garrantzitsu hau ematen duten langile taldearen motibazioa ezin hobea izan dadin”.