Marlaxkako B eta C taldeak, oso fin
B taldeak Gorengo Mailarako txartela eskuratu du asteburuan eta C taldeak Lehenengo Mailan mantentzea lortu du.
Atzo Gipuzkoako playoffetako azken jardunaldia jokatu zuten Marlaxkako kideek. Ederki aritu ziren, Gorengo Mailarako igoera lortu eta Lehenengo Mailan mantentzea lortu baitute B eta C taldeek. B taldea Beasainen lehiatu da, 0-4ko garaipena poltsikoratu du. Garaipen honekin, sailkapeneko hirugarren postua lortu dute hondarribiarrek, eta Gorengo Mailan aritzeko txartela eskuratu dute.
C taldea berriz, Elgoibarren lehiatu da. Asteburukoa galdu arren, Lehenengo Mailan mantentzea lortu du talde gazteak.
Bestalde, klubeko bi neska Iruñean izan dira asteburuan, Iruñea Hiria Emakumezkoen Txapelketan hain zuzen. Josette Fontaine eta Christine Celayak ordezkatu dute kluba. Fontainek beteranoen lehenengo saria eskuratu du, eta Celayak berriz, beteranoen bigarren postua.