Jokin Bildarratzek Talaia ikastetxea bisitatu du
Eskolako instalakuntzez gain, ikastetxe publikoak bultzatzen duen hezkuntza proiektua ezagutu du gertutik Hezkuntza sailburuak.
Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek Hondarribiko Talaia Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea bisitatu du gaur, Txomin Sagarzazu alkatearekin eta beste zenbait ordezkarirekin batera. Eskolako instalakuntzez gain, ikastetxe publikoak bultzatzen duen hezkuntza proiektua ezagutu du gertutik.
Sagarzazu alkateak esan duenez, “gaur egun pozgarria da. Hezkuntza Sailak markatzen dituen irizpide pedagogikoak jarraituz, eta noski, ikastetxearekin batera, argi daukagu udalak egin beharreko lanak bidelagun izatea direla. Bertako seme-alabak dira ikastetxeko ikasleak, eta bat egiten dugu markatu diren irizpideekin, eta gaurkoa bezalako argazki ederrek bidea erakusten digute”.
Ikastetxeko zuzendariak gogorarazi du duela gutxi bukatu dituztela hobekuntza eta antolamendu lanak, “espazio argi eta zabal hau izateko”. Oraingo erronka “eremu guztiak pedagogikoki antolatzea” dela gaineratu du, “ikasle guztiak hemendik igaro daitezen. Ilusioa eta gogoa ez zaizkigu falta”.
Ordezkariek gaineratu dutenez, Talaiak urteak daramatza ikasgeletan ikasketa kooperatiboa lantzen. Besteak beste, Talaia Telebista eta Talaia Irratia proiektuak aipatu dituzte, ikasgeletako jardueran integratuta daudenak.