[Erreportajea] Aireportuko zarata, bukaerarik gabeko afera
Azken bi urteetan hegaldiek gora egin dute nabarmen Hondarribiko aireportuan, bereziki hegazkin handienak. Kutsadura akustikoarekin kezkati eta haserre jarraitzen dute inguruko bizilagun askok.

Herriko bizilagun asko etxe gainetik egunero hegazkinak pasatzen ikustera ohituta daude, aspalditik. Ikustea baino, horiek sortutako zarata entzuteak haserrea sortu du azken hamarkadetan. Azken urtean, gainera, hegaldiek gora egin dute nabarmen, eta bizilagun asko kexu dira. Horietako batek Hitza-ra jo du, egunerokoan jasan beharrekoaz aritu da Eider Carton hondarribiarra.
Pistatik oso gertu bizi da Carton. «Lerro zuzenean 200 bat metrora bizi naiz, eta zuzenean iristen zaigu zarata ikaragarri hori», esan du. Zenbait bideo zabaldu ditu azkenaldian sare sozialetan, kutsadura akustiko «izugarri» hori jasoz. «Lehen, gainera, helize txikiagoko hegazkinak ziren batez ere, ez zuten halako zaratarik ateratzen. Baina azkenaldian hegazkin handi askok erabiltzen dute aireportua, eta lurreratze eta aireratzeetan asko-asko igo da kutsadura akustikoa».
Mendeluko auzo elkarteko Jose Ramon Lorenzok ere iritzi berbera du, aferarekin aspalditik «hipotekatuta» daudela dio. «67 urte ditut eta betidanik ondoan bizi naiz. Egunean zehar oso nekagarria da zarata, eta Amute eta Puntaleko lagunek diote are handiagoa dela bertan, jasanezina ia», dio.
Zaratatik harago, horrelako azpiegitura bat eremu natural batean izateak dakartzan ondorioak ere nabarmendu nahi izan dituzte. «Badia erdian dago aireportua, babestutako eremu batean. Ez dut aireportuak dakarren onura ukatuko, baina alderdi negatiboak ere baditu», erantsi du Cartonek.
«Ikerketa serioa» nahi dute
Biek «ikerketa serio» bat egiteko eskatu diete Aenari eta Hondarribiko Udalari, ez dezatela beste alde batera begiratu. «Agian irtenbideren bat egon daiteke, baina behintzat, gaia iker dezatela», esan du Cartonek. Lorenzok ere bat egin du Cartonekin, eta honako proposamena egin du: «Beste aireportu askotan bezala, inguruko etxebizitzen isolamendua hobetu edo leihoak eta ateak alda daitezke. Etxean lasai egoteko eskubidea ere badugu guk, herritar guztiek bezala».
Aenarekin harremanetan jartzen saiatu da Hitza, datuak jaso eta auzotarren kexak helarazteko, baina ez du erantzunik jaso.