Aldundiak Donostia eta Bidasoa bidegorri sare bidez lotzeko proiektua onartu du
Gaur gaurkoz Errenteria-Oreretako Lartzabal auzoraino dago eraikia sarea, eta datozen sei urtetan Hondarribiko Amute Kosta auzoraino luzatuko dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostia eta Irun bidegorri sare baten bidez lotzeko proiektua aurkeztu du. Egitasmoa mugikortasun jasangarri eta aktiboa sustatzeko eta Atlantikoko korridorea Europako ardatzarekin lotzeko sustatu dute. Donostia eta Errenteria arteko zatia honezkero eraikia badago ere, gaurkoan Errenteria-Oreretako Lartzabal auzotik Hondarribiko Amute-Kostara joango den trazatua aurkeztu dute. Proiektuak zortzi zati barnebilduko ditu, eta ibilbide horrek bat egingo du gaur gaurkoz Bidasoko eremu horretan honezkero eraikia dagoen bidegorri zatiarekin. Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak sareak gurutzatuko dituen udalerri guztietako udalek proiektuaren onespenean parte hartu dutela adierazi du.
Lehenengo aurreikuspenen arabera, 10 kilometroko ibilbidea osatzeko obrek sei urte iraungo dute, eta aldundiak 22 milioi euro bideratuko ditu lanotara. Rafaela Romerok eta Ander Iturri Mugikortasuneko zuzendariak lanak hainbat urratsetan nola banatu dituzten eta horien zergatiak azaldu dituzte:
- Lehenengo tartea: Lartzabal auzotik Lintzirin industrialderaino, 595 metro luze izango ditu eta 882.000 euro bideratuko dituzte zati horretara. Trenbidearen azpiko pasaguneetatik igaroko da, baina norantza bakoitza ganga banatatik igaroko da. Bost hilabetez luzatuko dira tarte honetan.
- Bigarren tartea: Lintzirin industrialdea zeharkatuko duten 679 metrok osatuko dute. 916.000 bideratuko dituzte bertara, eta kale nagusiko iparraldeko espaloitik (bi noranzkoetakoa) igaroko da. Bost hilabetez luzatuko dira tarte honetan.
- Hirugarren tartea: Lintzirin industrialdea Lanbarrengo poligonoarekin lotuko dituzte 755 bidegorri metrok. Bederatzi hilabete iraungo dituzte obrek, eta tarte honetara 1.885.000 euro bideratuko dituzte. Bigarren tartea amaitzen den pasabidetik abiatuta, Izoztegi bidetik Makarraztegi industrialdera doa. Bertan, Peugeot saltokiaren parean biratu eta GI-636 errepidera irtengo da, pasabide garai batetik berriro ere beste aldera egiteko.
- Laugarren tartea: Lanbarren industrialdearen paraleloan igaroko da, bidegorriaren ibilbidea ezkerreko ertzean mantenduko delarik. 286 metro luze izango ditu, eta hiru hilabetez luzatuko dira eremu horretan lanak. 638.000 euro bideratuko dituzte zati horretara.
- Bosgarren tartea: Lanbarren poligonoaren amaieratik Gaintxurizketa gaineraino doan tartea hartuko du. 2 kilometro luzeko ibilbidea da, eta 4.345.000 euro bideratuko dituzte metro horietara. 15 hilabeteko epea izango du tarte honek. Bidegorriari dagokionean, ibilbideak GI-636 errepidearen azpiko biribilgunea inguratuko du, zebrabideak aprobetxatuz, eta, ondoren, Iturrin industrialdera desbideratuko da. Ondoren, Itzu eta Iturrin bailarako auzo bideak baliatuta, Lezoko errepidera (GI-2638) iritsiko da bidegorria. Bertatik helduko da Gaintxurizketara. Segurtasuna bermatzeko, hormigoizko hesia eraikiko dute.
- Seigarren tartea: Gaintxurizketatik Irungo industrialdera helduko da eraikiko den zati luzeena (2.533 metro). Obrek 10 hilabete iraungo dute, eta tarte honek 2.518.000 euroko aurrekontua jasoko du. Gaintxurizketa jaisteko errepidearen alboan hormigoizko hesia eraikiko dute, eta jaitsierako bigarren bihurgunera iristean, bidegorriak Jaizubia auzoko bidea hartuko du. GI-636 errepidea azpitik igaro ondoren, inguruko auzo bideak baliatuta, Loiola errekaraino helduko da (trenbidearen ezpondaren paraleloan) eta bertatik industrialdera joko du.
- Zazpigarren tartea: 963 metrotan, Irungo industrialdea Jaizubia etorbidearekin lotuko ditu bidegorriak. Obrek bederatzi hilabete iraungo dituzte, eta 1.135.000 euro bideratuko dituzte hartara. Zati horretan bizikletentzako nahiz oinezkoentzako bidea eraikiko dute.
- Zortzigarren tartea: Jaizubiatik, Errotaundi kaletik eta GI-636 errepidetik igarota, Amutera iritsiko da bidegorriaren azken zatia. 1900 metro izango ditu azken zati horrek, eta 3.118.000 euroko aurrekontua izango du. 15 hilabetez luzatuko dituzte eremu horretako lanak. Bidegorria hipikatik eta Txingudi ikastetxearen aldamenetik igaroko da. Bukatzeko, Amuteko bidegorriaren amaieraren ondoko goiko pasagunearekin lotuko da sarea.
Romeroren hitzetan, proiektu berriak 483.000 biztanle baino gehiago “konektatzen lagunduko” du.