Merkatari eta ostalarien gida bat argitaratu du udalak
'Merkataritza eta ostalaritzarako udal zerbitzuak 2023' izenburupean, helburua da sektore horiek indartzeko ezagutzak eta tresnak ematea. Horrez gain, udalak 7. bonu kanpaina aurkeztu du, apirilean martxan jarriko dena.
Irungo Udalak tokiko merkatari eta ostalarientzako zerbitzu guztien berri ematen duen gida bat argitaratu du. Bidasoa Biziriken eskutik osatu da, era ‘Merkataritza eta ostalaritzarako udal zerbitzuak 2023’ izenburua jarri diote. Gida argitaratzearen xedea da sektore horiek indartzeko ezagutzak eta tresnak ematea, beren negozioa optimizatzeko eta ingurune gero eta lehiakorrago batera egokitzeko. Horrez gain, udalak azkenaldian merkataritzako ekimen guztiak sustatzeko abian jartzen dituen programa guztiak ere aurkezten dira gidan.
Miguel Angel Paez Hiri Bultzada, Ekonomia eta Ogasuneko ordezkariak azaldu duenez, honakoak dira gidaren “funtsezko” edukiak:
- Hiriko ekonomiaren aldeko Irungo Udalaren laguntzak: Hiriko merkataritza jardueren lehiakortasuna sustatzeko edo negozio berrien sorrera bultzatzeko, merkataritza-eremuak biziberrituz eta merkataritzarako irudia hobetuz. Atal honetan sartzen dira K-Biziak programa (lokalak alokatu eta birgaitzeko laguntza ekonomikoak) eta hirian jarduerak antolatzeko laguntza ekonomikoen deialdia.
- Irun.market: Irungo saltokiek bizikletaz salgaiak etxera eramateko online salmentarako plataforma, berriki sortua. Berritasun bezala, udalean lanean ari dira Irun Aurrera bonuak plataforma horretan erabiltzeko aukera eskaintzeko, urte honetako bigarren seihilekorako.
- Merkataritzako lehiakortasuna: Prestakuntza saioen bidez negozio horiei laguntza emateko. Atal honetan sartzen diren ekimenen adibide dira frantses eskolak, digitalizazioari buruzko klaseak edota sare sozialak eta marketineko beste tresna batzuk erabiltzeko jarraibideak.
- Tokiko merkataritzari eta harekin lotutako jarduerei buruzko mahaia: Enpleguaren eta ekonomiaren garapenaren aldeko Irun Ekintzan planaren barruko mahai horrek ibilbide luzea egina du hirian, eta haren xede nagusia da merkataritzaren sektorea indartzea eragile sozioekonomikoen arteko lankidetzaren bidez. Merkataritzarekin lotutako ekimenak foro horretara eramaten dira, eta ekimenak dinamizatzeko edo berriak sortzeko proposamenak jasotzen dira.
Irun Aurrera bonuak
Merkataritza eta ostalaritzako bonuek izandako “arrakasta” ikusita eta hiriko merkatari eta ostalariei “laguntzen jarraitzeko” helburuarekin, Irungo Udalak bonuen zazpigarren kanpaina abiatuko du apirilean. Orotara, hamar euroko 17.500 bonu banatuko dira hiritarren artean, egitasmora atxiki zaizkion berrehundik gorako establezimenduetan erabiltzeko.
Erosketak Irunen bertan egin daitezen sustatzeko, “oso positiboa” da udalak egiten duen balantzea: 42.000 lagunek baino gehiagok erabili dute Irungo Udalak 2020ko udatik antolatu dituen sei edizioetan merkaturatu dituen 105.000 bonuetakoren bat. Guztira, udalak 1.225.000 euro bideratu ditu kanpainara, zazpigarren edizioa ere kontuan hartuta. Udalak zehaztu duenez, kontsumitzaileen gastua batuta, tokiko ekonomian izandako eragina bi milioi eurokoa izan da gutxienez establezimendu parte hartzaileen alde.