Garaipen handia kanporaketan aurrea hartzeko
Bidasoa Irun 30-27 nagusitu zen Lisboako Sportingen aurka Europa Ligako final zortzirenetako joaneko partidan, eta abantailarekin ekingo dio datorren astearteko itzuliko neurketari.
Argazkia: Bidasoa Irun. Bidasoa Irunek garaipen handia lortu zuen bart Europa Ligako final zortzirenetako joaneko partidan. Jacobo Cuetararen mutilak 30-27 nagusitu ziren Artalekun Lisboako Sportingen aurka, eta abantailarekin iritsiko dira itzuliko neurketara. Bigarren partida hurrengo asteartean izango da, hilak 28, 20:45ean.
Lehen zatian berdintasuna izan zen nagusi Artalekun, eta nahiz eta lisboarrek abantaila txikiak izan zituzten markagailuan, irundarrek lehiari eutsi zioten. Errenta motz horiek atsedenaldira arte jarraitu zuten, eta 11-12ko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bidasoaren defentsa on bati eta Mehdi Harbaoui atezainaren lan bikainari esker, bidasoarrak aurretik jarri ziren lehenengoz 33. minutuan (13-12). Aldeko errenta hori aprobetxatuz, irundarrek bost goleko abantaila lortu zuten markagailuan (20-15). Bisitarien erreakzio azkar batek, baina, markagailua estutu zuen berriro ere (20-19), baina Artalekuk bultzatuta, bidasoarrek aldea handitu eta partida poltsikoratzea lortu zuten (30-27).
Europa Ligako itzulerako partidaren aurretik Asobal Ligako norgehiagoka izango du Bidasoak asteburuan. Jacobo Cuetararen mutilek larunbatean jokatuko dute Guadalajaran, 17:30ean, CIvitas Guadalajararen aurka.

