EH Bilduk eskatu du alardearen auzian «neurri eraginkorrak» hartzeko
Salatu dute Hondarribiko eta Irungo alardeen aferak «oinarrizko eskubideen kontra» egiten duela. Ion Gambrak dio bi herrietan «pauso asko» falta diren arren, «aldaketa asko» egon direla.
BERRIak argitaratutako albistea da ondorengoa.
«Berdintasun Legea urratzen ari dira Hondarribiko eta Irungo Udalak, eta zaie zigorrik jarri». Horrela mintzatu da alardeen auziaz Amaia Azkue EH Bilduko kidea. Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur goizean egon den eztabaida monografikoan jardun da gaiaz. Azkueren erranetan, alardeen afera «ez da bizikidetza arazo bat, oinarrizko eskubideen kontra egiten duen egoera da». Gipuzkoako Foru Aldundiak orain arte egindakoa zer den galdegin du, eta «neurri eraginkorrak» hartzeko eskatu du: «Herriarena dena, herriari itzuli behar zaio».
Gainerako alderdien txanda iritsi denean, guztiek nabarmendu dute gaia berriz ere mahaira ekarri izana, arrazoi bat ala bertzea zutela argudio. Elkarrekin Gipuzkoako Marivi Eizagirrek, erraterako, adierazi du agintarien egitekoa dela «konponbide bat lortzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzea». Eta Hondarribiko eta Irungo alkateak direla euren jarrerak aldatu behar dituztenak: «Oso larria da bi alkateek bizkarra ematea. Ez da argudio bakar batekin ere eusten emakumeek pairatzen duten bazterketa». Izan ere, bere hitzetan, andreak onartzen ez dituzten desfileetan emakumeek duten rola da «ikusiak eta aitortuak ez izatea», «ikusle pasiboak» izatea. PSE-EEren eta EAJren ardurapean daude, hurrenez hurren, Irun eta Hondarribiko alkatetzak, eta aurrez ere maiz kritikatu izan dituzte gainerako talde politikoek bi udaletako alkateen jarrerak.
Juan Carlos Cano PPko kideak argudiatu du «zenbait legealditan zehar alarde mistoaren aldeko ekimenak bultzatu» direla, «modu eta forma guztietakoak», gainera. Jarraian, «errespetua» eskatu du: «Alardea bizitzeko eta sentitzeko moduei». Arritxu Marañon PSE-EEko kideak, berriz, instituzioek pertsonen oinarrizko eskubideak «ziurtatu» behar dituztela argi utzi du, baina oraindik «bide luzea» geratzen dela. Eta prozesu horretan instituzioek «alardea bizitzeko modu desberdinei errespetua eta laguntza erakutsi behar» dietela.
Gaia lantzeko batzordea hauteskundeen atarian deitu izana kritikatu du Elixabete Murua EAJko kideak: «Politikan denak ez du balio». Adierazi du orain arte arazoari konponbidea ematea izan dela taldearen helburua, baina «egoera korapilatsua» denez, konponbidea ez dela «egun batetik bestera» iritsiko. «Ezin da ukatu prozesua bere emaitzak ematen ari dela, pausoak ematen ari gara».
Perspektiba
Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak argi erran du «perspektiban» begiratuta «aldaketa asko» egon direla Hondarribian nahiz Irunen. «Hala ere, oraindik pauso asko falta dira emateko, egun hauek normaltasunez ospatzeko». Irunen bi alarde daudenetik bizikidetza arazorik ez dagoela erran du. Hondarribiko kasuan, ordea, gatazkak egon direla, eta ahalegin eta saiakerak egon direla horiei konponbidea emateko. Horiei esker «egoera eta jarrerak, alde guztietan, asko aldatu» direla.
Auziaren inguruan erakutsitako jarrera medio, Azkuek azpimarratu du ez direla 26 urte pasatu beharrik eskubidea den zerbait betetzeko. Eta gogoratu du emakumeen eskubideen eztabaida dela landu beharreko gaia. «Irun eta Hondarribia prest daude aldaketarako, eta guri haiei ere eskua luzatzea dagokigu. Elkarlana eta elkarrizketa beharrezkoak dira, baina ez gauden lekuan iraungitzeko».
Lotura honetan Arantxa Iraola kazetariak gaurkoaren gainean egindako analisia irakur daiteke: “Behartuta” alarde mistora.