Udal lorezainek hiru eguneko greba hasi dute gaur
Grebari ekin diote gaur, enpresarekin negoziatzeko saiakerek "porrot" egin dutelako. ELA sindikatuaren babesa dute langileek.
ELA sindikatuak joan den astean iragarri zuen bezala, greba hasi dute gaur Hondarribiko Udalak azpikontratatutako Elai Serbitzuak S.L. enpresako langileek (lorezaintza lanak egiten dituzte). Hiru egunez luzatuko dute protesta, “hitzarmen propioa negoziatzeko egin diren saiakera guztiek porrot egin dutelako, eta beste irtenbiderik ez delako gelditu”, diote langileek.
Enpresak negoziaketa luzatu besterik ez duela egin salatu dute. “Argi eta garbi esan zuten kontratua indarrean dagoen bitartean ez dutela beren mozkinik galduko, eta horrek egoera zaildu besterik ez du egin”, esan dute gaurkoan.