Astelehenetik Uda Jolas eta Uda Abentura programetan izena eman daiteke
Uda Jolasean 5-11 urte bitarteko haurrek parte hartuko dute; Uda Abenturan aldiz, 12-14 bitartekoek.
Aurten ere uda dibertigarria pasatzeko aukera eskainiko die herriko haurrei Hondarribiko Udalak, Uda Jolas eta Uda Abentura programetarako dena prest dute. Datorren astelehenean zabalduko dute izena emateko epea, gaur Maria Serrano zinegotziak jakinarazi duenez. Uztailaren 3tik 28ra luzatuko dituzte bi programak.
Uda Jolasen, orotara, 220 neska-mutilek parte hartu ahalko dutela gogorarazi du Serranok. 2012-2018 urteen bitartean jaiotako haurrak izango dira protagonistak hemen. “Jolaserako, dibertsiorako eta bizikidetzarako leku bat” eskaini nahi diete haurrei, “beren gozamenerako eta autonomia pertsonala finkatzeko”. 80 euroko kuota ordaindu beharko dute gurasoek. Bigarren seme-alaba bat apuntatuz gero, 70 ordaindu beharko dira.
Bestetik, Uda Abenturaren edizioan 12, 13 eta 14 urteko gaztetxoek parte hartuko dute. Bi txanda izango dira: uztailaren 3tik 13ra eta 17tik 28ra. Txanda bakoitzean 50 lagunek parte hatuko dute. 140 euro ordaindu beharko dira kasu honetan.
Saio guztiak euskaraz izango direla gogorarazi du Serranok.
Izen ematea
Izena emateko bi bide izango dira. Batetik, online, lotura honetan, edo bestela, Gazteen Zerbitzuan, astelehenetik ostiralera 16:30etik 19:30era eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.