Alde Zaharreko aparkalekua mugatzeko kanpaina jarriko du martxan udalak
Ekainaren 15etik aurrera bizilagunek eta baimenduek bakarrik ahalko dute aparkatu. Trafikoa murrizteko eta oinezkoen mugikortasuna lehenesteko erabakia dela dio udalak.
Datorren ekainaren 15etik aurrera Alde Zaharrean egoiliarrek eta baimenduek bakarrik ahalko dute aparkatu, hala jakinarazi dute gaur Juan Luis Silanes eta Gonzalo Carrion zinegotziek. Trafikoa murrizteko eta oinezkoen mugikortasuna lehenesteko erabakia dela azaldu dute. “Azken urteetan hirietako mugikortasunaren garapenaren lekuko izan gara, eta Hondarribiak ere bat egin du mugikortasun iraunkorrago bat ezartzeko joera horrekin. Adostu dugun hiri mugikortasun iraunkorraren ereduan, oinezkoan oinarritu gara, lehentasuna eman diogu hirian mugitzeari dagokionez”, esan du Silanesek.
Carrionek gaineratu duenez, udalaren asmoa “beharrezkoa ez den trafikoa murriztea” da. Hau da, aparkatzera doazen eta aparkatu ezinik berehala ateratzen diren ibilgailuen trafiko hori murriztu nahi dute, eta horrek “oinezkoak mugitzeko segurtasun handiagoa eskainiko” duela dio, “ibilgailuen trafikoa murriztuko delako, eta aldi berean egoiliarrek aparkatzea erraztuko duelako. Egoiliarrei begiratu nahi diegu neurri honekin, baina bestea kasuistikak ahaztu gabe”.
Zenbait datu eman dituzte gaurko agerraldian. Hirigune Historikoan 793 ibilgailu daude erroldatuta, 350 garaje plaza daude eta 108 aparkaleku. Horri egunero zirkulatzen duten ibilgailuak gehituta, “Hirigune Historikorako sarbidea murriztuko duen erabaki bat hartzea beharrezkotzat” jo du udalak.
Egoiliarrek ‘B’ (bertakoa) bina pegatina jasoko dituztela erantsi du Carrionek. “Egoiliarrek txartel bat jasoko dute egiaztatzen denean ibilgailua eta pertsona Alde Zaharreko etxebizitza batean erroldatuta daudela. Renting edo leasing ibilgailu bat duten egoiliarrek egoiliar txartela lortu ahal izango dute, betiere Alde Zaharreko etxebizitza batean erroldatuta badaude edo renting edo leasingaren kontratuaren kopia aurkezten badute. Enpresako ibilgailua duten egoiliarrek ere egoiliar txartela lortu ahal izango dute, Alde Zaharreko etxebizitza batean erroldatuta badaude”, erantsi du Carrionek.
Era berean, aparkatzeko baimena izango dute komertzio, taberna, jatetxe, obra eta gremioetarako hornidura ibilgailuek, hoteletako bezeroek, alokairukoek, etxebizitza turistikoek, bigarren etxebizitza bat duten eta egiaztatzen duten pertsonek eta mugikortasun urritua duten pertsonek.
Datozen egunotan atal berezi bat jarriko dute udalaren webgunean, informazio guztia eskainiz.