Txingudik azken jardunaldian itxi beharko du play-offetarako sailkapena
Nagusitasunez irabazi bazuten ere (38-6), ez dute oraindik sailkapena lortu. Bi aste barru jokatuko dute Amurrion, eta nahikoa izango dute puntu bat lortzea igoerako play-offa jokatzeko.
Garaipen gazi-gozoa lortu zuen Zaisa Txingudik larunbatean, bere partida nagusitasunez irabazi bazuen ere, ez baitu lortu, oraindik, igoerako play-offerako sailkatzea. Bidasoarrak 38-6 nagusitu ziren Zarautz B-Beltzak taldearen aurka, eta ligako azken jardunaldian ziurtatu beharko dute helburua. Txingudik bi aste barru jokatuko du Amurrion Nerbioiren kontra, eta nahikoa dute puntu bat lortzea play-offetan egoteko.
Bidasoarrak sendo zelairatu ziren, eta hasieratik lortu zuten baloiaren jabetza mantentzea. Hala ere, azkar erlaxatu ziren. Defentsan zigor kolpeak gero eta ugariagoak izan ziren eta baloi asko galdu zituzten erasoan. Dena den, metroak irabazi eta jokaldiak aurrera eramatearen poderioz, puntuak gehitzen joan zen Txingudi.
Etxekoak zazpigarren minutuan aurreratu ziren markagailuan Joao Costaren entseguarekin eta Adur Manterolaren eraldaketarekin (7-0). Aurkariak, baina, ez ziren kikildu, eta erasora irten ziren aldea murriztu nahian. Entsegurik lortu ez bazuten ere, zigor kolpe baten bidez markagailuan gerturatu ziren (7-3).
Lehen zatiaren erdian, Camarero eta Lasaren mutilek berriro bereganatu zuten partidaren kontrola, eta hamabi puntu gehitu zituzten markagailura. Atsedenaldira iritsi baino lehen, aurkariek beste zigor kolpe bat eraldatu zuten eta 19-6ko markagailuarekin bukatu zen lehenengo zatia.
Bigarren zatiko aldaketek kontzentrazioa hobetzen lagundu zuten, eta aldea gero eta gehiago handitzen joan zen. 58. minuturako, 38-6koa ezarri zuten bidasoarrek markagailuan, eta Zarautz B-Beltzak lesioengatik jokalariak galtzen joan zenez, epaileak 60. minutuan partida bukatutzat eman zuen.
Gazteak ere lehian
16 eta 18 urtez azpiko taldeek ezin izan zituzten beren partidak aurrera atera. 18 urtez azpikoek Mungian jokatu zuten lidergoan den Zarautz-Beltzak taldearen aurka. Lan nabarmena egin bazuten ere, markagailuan atzetik joan ziren uneoro, eta bukaeran erreakzionatu bazuten ere, 19-26 galdu zuten.
16 urtez azpikoek ere ezin izan zituzten puntuak bereganatu Bera Bera-Baztan taldearen kontra. Etxekoek hamar puntuko errenta lortu zuten lehen minutuetan, baina Txingudik abantaila horri erantzuten jakin zion atsedenaldia baino lehen (10-7). Bigarren zati hasieran bidasoarrak aurretik jarri ziren markagailuan, baina etxekoen jarraitutasunak mugakoen defentsa zulatzea lortu zuen. Azkenean, 22-17 galdu zuten.
14 urtez azpikoak, aldiz, nabarmen nagusitu ziren Gaztedi B-ren aurka, eta denboraldiak aurrera egin ahala, argi nabaritzen da gazteek izandako hobekuntza.