Ordezkaritza txukuna egin zuten BATeko atletek Iruñean
Euskadiko taldearekin joan ziren Irun eta Hondarribiko lau atleta eta puntu garrantzitsuak eman zizkioten taldeari.
Iruñean aritu dira lehian BATeko atletak asteburu honetan eta kluba kontent itzuli da lortutako emaitzekin: “Izugarrizko ordezkaritza egin dute gure atletek”. Espainiako 16 eta 18 urtez azpikoen Cross Txapelketa Autonomikoa eta Indibidualean izena du Nafarroako hiriburuan egindako txapelketak.
16 urtez azpikoak
Euskadiko taldearekin joan ziren Hugo Vazquez eta Julen Mendoza BATeko kideak eta klubaren esanetan “ordezkaritza txukuna egin zuten eta puntu garrantzitsuak eman dizkiote Euskadiri”. EAEko taldea hamabigarren sailkatu zen 201 punturekin.
Vazquezek 5.000 metrotan egin zuen lasterka eta 33. postuan geratu zen, 17 minutu eta 42 segundoko denborarekin. Taldeko lehen sailkatua izan zen lortutako denborarekin Vazquez.
Bestalde, Mendoza Euskadiko taldearen baitan hirugarren kokatu zen. 60. postuan sailkatu zen Mendoza eta 18 minutu eta 9 segundotako marka egin zuen. “Aste osoa gaixorik izan zen Mendoza eta bere lanak meritu ikaragarria dauka”.
18 urtez azpikoak
Euskadiren taldearekin joan ziren ere BATeko Adur Ugartemendia eta Iker Ibarguen, baina kasu honetan 18 urtez azpiko ordezkaritzaren parte izan ziren. “Bikote honek ere puntu asko eman zizkion Euskadiri, eta, gainera, bakarkako emaitza oso onak lortu zituzten”. Taldea bosgarren sailkatu zen 96 punturekin.
Ugartemendiak izugarrizko erakustaldia egin zuen 6.000 metroko lasterketan eta 19. postua bereganatu zuen 20 minutu eta 28 segundoko markarekin. Bere kategoriako Euskadiren taldeko hoberena izan zen.
Ibarguen sailkapenean oso gertu geratu zen Ugartemendiatik, 21. geratu baitzen, hain zuzen, 20 minutu eta 29 segundoko denborarekin.
Espainiako Cross Master Txapelketa
Zamoran izan da asteburu honetan egin den Espainiako Cross Master Txapelketa eta Abel Castañaresek BAT ordezkatu zuen Gaztela eta Leonen.
Master txapelketaren barruan M60 kategorian parte hartu zuen Castañaresek eta 25 minutu eta 4 segundotako markarekin 23. bukatu zuen atletak.