Lasterketa zale guztientzako jarduerak antolatu ditu BATek
Apirilaren 23an 5 kilometrotako bina lasterketa; ttipi-ttapa; esku bizikleta eta gurpildun aulkian dabiltzanentzako lasterketa; edota atletismo erakustaldiak egingo dira Zabaltza plazaren inguruan. Milia solidarioa ere egingo dute Minbiziaren Aurkako Gipuzkoaren Elkartearen lana sostengatzeko.
BATek eta Salto Systemsek korrikalarientzako, oinezkoentzako eta atletismo zaleentzako goiz osoko egitaraua antolatu dute Irunen. Egun osoko jarduerak apirilaren 23an izango dira eta kokapena Zabaltza plazaren ingurua izango da.
Izena emateko aukera jada zabalik da apirilaren 21era arte eta lotura honen bitartez egin daitezke guztiak. Inskripzio batzuetako dirua zuzenean Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteari emango diote, eta beste batzuetan hautazkoa da dohaintza egitea.
Antolatzaileek hamaiketakoa eskainiko diote parte hartzaileei. Horrez gain, kontsigna zerbitzua eskainiko dute, baita dutxa eta aldagelak erabiltzeko zerbitzua ere.
Ttipi-ttapa
Irungo adinekoak taldean ibiltzera joateko programa da ttipi-ttapa eta erdiguneko hitzordu honekin ez zuten huts egin nahi.
Hartara, ibilaldi osasungarri bat egingo dute Zabaltza plazatik abiatuta 09:30ean. Ez da aurretik izena eman behar, hau da, bertan agertzearekin nahikoa izango da.
5km lasterketak
Bina lasterketa antolatu dituzte bakoitza 5 kilometrokoak eta ibilbide berdinarekin. Ezberdintasuna da 10:00etan irtengo direnek 20 minutu baino gehiago izango dituztela ibilbidea bukatzeko. Aldiz, 10:35ean aterako direnek 20 minutu baino gutxiagoan burutu beharko dute lasterketa.
Zirkuitua homologatuta dagoela adierazi du Saltok, “eta Real Federacion Española de Atletismoren egutegian txertatuta dago”. Hala, korrikalariak egingo duen marka ofiziala izango dela baieztatu ahal izan dute.
Sariak honako hauek izango dira:
- 20 minutu baino gutxiagoko denboran egingo dutenentzat.
- 1. postua gizon eta emakumeak: garaikurra, opari bat eta 150 euro.
- 2. postua gizon eta emakumeak: garaikurra, opari bat eta 100 euro.
- 3. postua gizon eta emakumeak: garaikurra, opari bat eta 50 euro.
- 20 minutu baino gehiagoko denboran egingo dutenentzat.
- 1. postua gizon eta emakumeak: garaikurra eta opari bat.
- 2. postua gizon eta emakumeak: garaikurra eta opari bat.
- 3. postua gizon eta emakumeak: garaikurra eta opari bat.
5km lasterketen dortsalaren prezioa 12 eurokoa da apirilaren 17ra arte. Gero, 16 euroko kostua izango du.
Milia egokitua
Milia bateko lasterketa egingo dute 11:00etan hasita esku bizikleta eta gurpildun aulkian korri egiten dutenek. Dortsalaren prezioa 3 eurokoa da kasu honetan, eta dohaintzan emango diote jasotako dirua Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteari.
Milia erdia
Gaitasun intelektual mugatua duten kirolarientzat antolatutako lasterketa ere egingo da. Hitzordua 11:15ean finkatu dute eta dortsalak 3 euro balio ditu. Diru hori dohaintzan emango diote Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteari.
Atletismoa kalean
Goizeko lasterketa herrikoien ondoren, atletismo erakustaldiaren txanda izango da eta protagonistak BATeko atletak izango dira. Punta-puntako erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
- Abiadura erakusketa, 11:30ean.
- Hesien erakusketa, 12:00etan.
- Altura jauzia erakusketa, 12:05ean.
Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartearen aldeko milia
Goiz osoko egitarauarekin amaitzeko milia sinbolikoa egingo dute 12:30ean. Bertan parte hartzearen prezioa 3 eurokoa da, eta izen emateko honetan bildutako diru guztia Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteari emango diote.