EAJk ardura gehiago eskatzen ditu segurtasunaren gaian
Jeltzaleek alkateari eskatu diote "modu eraginkorrean" jokatzea eta segurtasuna "lehentasunezko" gaia izatea.
Irungo EAJk “irmo” eskatzen dio Jose Antonio Santano alkateari “modu eraginkorrean” joka dezala Irunek bizi duen eta Irungo ERNE kolektiboak salatzen duen udaltzain faltaren aurrean, “babesgabetasun” egoera gisa deskribatzen dutena.
“Bada garaia aurrera pauso zehatzak ematen hasteko. Irunek denbora gehiegi darama segurtasunik gabeko egoera etengabeak bizitzen, irundarren eguneroko kezka. Eta errealitate horren aurrean, zer egiten du alkateak? Dirudienez gutxi edo ezer. Ez da bere hitza betetzen ari, eta ez da arduraz jokatzen ari”, esan du alderdi jeltzaleak.
Era berean, gaineratu dute Santano ez dela betetzen ari udaletxean dauden talde politiko guztiek sinatu zuten Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko ituna: “Hilabeteak daramatzagu, esaterako, Segurtasun eta Bizikidetzarako Batzorde Iraunkorra osatzeko eta deitzeko eskatzen. Dirudienez, egin dugun presioaren ondorioz, hilabeteak igaro ondoren, deialdia egin dute”.
Orain, baina, “tamalez” mahai gainean beste kontu bat ere badutela adierazi du alderdi jeltzaleak: “ERNE polizien sindikatuak publikoki salatu duenez, egun askotan bi patruila ari dira lanean Irun osorako, kontuan izanik, Irun Euskadi osoan delinkuentzia gehien duen herrietako bat dela”. Halaber, EAJk esan du, polizien sindikatuak adibide gisa jarri duela Irunen agente bat dagoela 630 pertsonako. Datu hori “harrigarria” dela diote, Segurtasun eta Bizikidetza Itunak “konpromiso eta ekintza argia” jasotzen duela kontuan hartuta: udaltzaingoaren zerbitzuaren kalitatea hobetzea, eta horretarako beharrezkoa balitz, biztanle bakoitzeko polizia tartea handitzea.
EAJk alkateari eskatu dio segurtasuna “lehentasunezko” gaia izan behar duela bere agendan. Era berean, jeltzaleei “deigarria” egin zaie prentsan irakurtzea “Irunen polizia gehiago behar dela dioten bi azterlan daudela”. “Guk momentura arte, horien berri ez dugu”, salatu dute. Hori horrela bada, EAJk esan du ez dela “onargarria” udalak beste taldeei horrelako informazioa “ezkutatzea”: “Hau horrela balitz, EAJtik udal gobernuari eta Santano alkateari azterketa horiek berehala helarazteko eskatzen diegu”.