Dinuy enpresak jasoko du Irun Ekintzan sarien ohorezko aipamena
Irungo enpresa eta ekintzaileek berrikuntzaren arloan erakutsitako ahaleginak eta talentua saritzen dituzte, hogei langiletik gorako enpresak errekonozituz.
Irungo Udalak jakinarazi du Dinuy enpresak jasoko duela hogei langiletik gorako enpresentzako 2023ko Irun Ekintzan sarien ohorezko aipamena. Irungo enpresa eta ekintzaileek berrikuntzaren arloan erakutsitako ahaleginak eta talentua saritzen dituzte. 2021ean Hazlan saritu zuten eta, iaz, Uvesco.
Dinuy familia enpresa bat da, 1947an sortua, irrati maiztasuna edo argiztapenaren kontrola eta doitzea ikertzen dituena, besteak beste. Energia aurreztera bideratutako instalazio produktu adimenduak garatzen dituzte, instalazio guztien inguruneko baldintzak ahalik eta gehien aprobetxatu eta elektrizitate kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko.
Egun, Dinuyk 49 pertsona ditu lanean. 1970ean esportatzen hasi ziren eta mundura zabaldu ziren, eta gaur egun 20 herrialde baino gehiagotan saltzen dute. Iaz bete zuen enpresak 75. urteurrena. Irungo Peña kalean abiatu zuten euren jarduna, eta, ondoren, Auzolan kaleko 2. zenbakira lekualdatu ziren.
Miguel Angel Paez Ekonomia eta Ogasuneko ordezkariak “50 urtetik gorako eskarmentua” duen enpresa horren lana aipatu du sari horien balioa azaltzeko: “Hirian dugun talentua ikusarazteko balio dute. Enpresa handi eta txikiek urtero erakusten digute zer-nolako ekarpena egiten dioten gure gizartearen eta enpresa ehunaren garapenari. Horrela ere hazten da hiria”.
Lau sari, lau mailatan
- Hogei langiletik gorako Irungo enpresa berritzailearentzako Irun Ekintzan ohorezkoa saria: Dinuy enpresa.
- Hogei langiletik beherako Irungo enpresa berritzailearentzako Irun Ekintzan saria: 4.000 euro.
- Irungo zerbitzu enpresa berritzailearentzako Irun Ekintzan saria: 4.000 euro.
- Ideia berritzailearentzako Irun Ekintzan saria: 2.000 euro.
Epaimahaikideak
Irungo Udalak azaldu du berrikuntzaren hainbat esparrutan esperientzia handia egiaztatu duten langile gaituek osatzen dutela Irun Ekintzan sarien zortzigarren edizioko irabazleak aukeratzeko epaimahaia. Hona hemen:
- Amaia Fernandez: BIC Gipuzkoako proiektu arduraduna.
- Jose Miguel Ayerza: Adegi Gipuzkoako Enpresen Elkarteko zuzendari nagusia.
- Uribarri Goikuria: Innobasqueko Proiektuen Laborategiko arduraduna.
- Pierre Odriozola: Sokoako zuzendari nagusia.
- Alvaro de la Rica Aspiunza: Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa.
- Lander Beloki: Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa.
- Ana Beraza: EHUren Gipuzkoako campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanorde koordinatzailea.