Udal lorezainek greba egingo dute, hitzarmena negoziatzeko izan dituzten "oztopoak" salatzeko
Elai Serbitzuak S.L. enpresako langileek greba egingo dute hilaren 21etik 23ra, ELAk babestuta. Enpresak negoziaketa hori "luzatu besterik ez duela egin" diote langileek.
Hondarribiko Udalak azpikontratatutako Elai Serbitzuak S.L. enpresako langileek (lorezaintza lanak egiten dituzte) greba hasiko dutela iragarri du ELA sindikatuak, “hitzarmena negoziatzerako orduan edukitzen ari diren oztopoak salatzeko”. Sindikatuak azaldu duenez, 2022ko udara baino lehen hasi ziren langileak negoziatu nahian, baina enpresak negoziaketa hori “luzatu besterik ez duela egin” diote. “Azpikontratak esaten du kontratua indarrean dagoela eta bere mozkinak ez dituela arriskuan jarriko langileen mesedetan, eta egiten dituen proposamen guztiek ez dute hobekuntzarik suposatzen langileentzat”, erantsi dute.
Hala, joan den otsailaren 22ko bileran enpresak egindako proposamenak “langileen lan baldintzak izoztuak geratuko zirela suposatzen zuela” diote, 10-15 urteetan. “Guztiz onartezina” langileentzat, dio ELAk.
Datorren astean abiatuko dute greba, hasiera batean hilaren 21, 22 eta 23an egingo dute protesta.