Denboraldi hasieran Real Unionera itzuli zen teknikari gisa, klubeko analisi saila indartzeko. Lehen taldearen ardura ere hartu zuen jardunaldi batez, klubak Aitor Zulaika kargutik kendu zuenean. Soriako Los Pajaritos zelaiko aulkian zuzendu zuen Numantziaren aurkako partida hura, eta txuribeltzak 0-2 nagusitu ziren.
Zulaika eta Movillaren ondoren, Goikoetxea gizonen talde nagusiaren sasoiko hirugarren entrenatzailea izango da. Helburu argia izango du: mailari eustea. Momentu honetan, hamaika partidaren faltan, salbazioko postuak puntu bakarrera ditu Real Unionek, liga oso berdindua baitago. Goikoetxea larunbatean estreinatuko da Stadium Galeko aulkian. Txuribeltzek Bartzelona B jasoko dute 19:00etan.