Enplegu Astearen "arrakasta" nabarmendu du Bidasoa Bizirikek
Aurtengo lehen azokak badu data jada: maiatzaren 30ean izango da, Ficoban. Urtero egiten diren bi topaketetatik lehena izango da honakoa.
Irun eta Hondarribiko Udalak, Bidasoa Biziriken bitartez, 2007tik ari dira Enpleguaren Astea antolatzen. Topaketa horren helburua da eskualdeko enpresei pertsonen kontratazioa erraztea eta lan bilaketa aktiboan dauden pertsonei lanpostu bat aurkitzen laguntzea.
2022an, ohi bezala, bi Enplegu Azoka antolatu ziren: maiatzean eta azaroan. Orotara, 76 enpresek hartu zuten parte 242 lan eskaintzarekin, eta 702 lanpostu betetzeko eskatu zutela jakinarazi du garapen agentziak. 43 parte hartzaileri egindako jarraipenetatik, gutxienez 83 kontratazio egin direla egiaztatu du Bidasoa Bizirikek. “2022ko bi edizioek arrakasta handia izan zuten”, adierazi du Miguel Angel Paez presidenteak.
Aurtengo lehenak badu data jada: maiatzaren 30a. Egun horretan egingo da topaketaren XXIX. ekitaldia Ficoban, eta urtero egiten diren bi asteetatik lehena izango da honakoa.
Azokaren funtzionamenduari dagokionez, topaketaren aurreko asteetan, interesdunek Bidasoa Biziriken webgunearen bidez kontsulta ditzakete lan eskaintzak, eta Enplegu Astearen egunean, enpresek goiz osoan zehar egiten dituzte elkarrizketak, aldez aurretik izena eman beharrik gabe. Beren profilen beharrak ezagutarazten dituzten erakunde eta enpresei zuzendutako gunea irekia da, eta interesa duten hautagaiek beren curriculuma eskura emateko eta enpresekin elkarrizketa bat izateko aukera dute. Profil horiei buruzko informazioa Bidasoa Biziriken webgunean argitaratzen dela zehaztu du garapen agentziak.