Emakume Abertzale Batzaren mendeurrenaren harira, erakusketa
'EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez' erakusketa irekiko da bihar, 19:00etan, IDEIAlekun. Hilaren 30era arte egongo da ikusgai.
Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkarteak, Sabino Arana Fundazioaren Abertzaletasunaren Museoarekin eta Irungo EAJrekin elkarlanean, EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez erakusketa irekiko dute bihar IDEIAlekun, 19:00etan. Hilaren 30era arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 14:30era.
Erakusketa hori Gaurko Andreak elkarteak emakumeak gizarte arlo guztietan ikusgai bihurtzeko eta emakumeen memoria historikoa ikusarazteko antolatzen dituen jardueretako bat dela azaldu antolatzaileek.
Sabino Arana Fundazioaren Abertzaletasunaren Museoarena da erakusketa, Emakume Abertzale Batzaren (EAB) sorreraren mendeurrena dela eta sortua. Duela ehun urte gizarte eredu berria proposatu eta ekimen nahiz jarduera ugari bultzatu zituzten emakumeek Euskadiren alde egindakoak eta bizi izandako esperientziak ikusarazi nahi dituztela jakinarazi dute.
Erakusketa 24 panelek osatzen dute, gaikako sei multzotan banatuta. Multzo horietan elkartearen ibilbide osoko lana eta pentsamoldea jasotzen direla zehaztu dute: EABren hasierak; EABren loraldia; ‘Jaungoikoa eta Lagi Zarra (JEL) doktrina; EAB eta hezkuntza; EAB eta gizarte laguntza; eta EAB gerran eta erbestean.
Erakusketaren ibilbidearen bukaeran, emakume historiko batzuen testigantzak biltzen dituen bideo bat ikus daitekeela aurreratu dute.
Hilaren 23an, hitzaldia
Erakusketaren programazioaren barruan, ‘EABko emakumeak, abertzaletasun ametsen eroale’ hitzaldia antolatu dute hilaren 23rako, 19:00etan, IDEIAlekun. Erakusketaren komisario eta EHUko irakasle diren Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao eta Gurutze Ezkurdia Arteaga izango dira hizlariak.