Aniztasun sexuala eta LGTBIQ+ eskubideak bistaratzeko egitaraua
Bihartik irailera bitartean, hilabetean behineko maiztasunarekin, jarduerak antolatu ditu Berdintasun zerbitzuak. LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek haien eskubideen defentsan erreferenteak ikusaraztean jarri dute fokua.
Berdintasun zerbitzuak aniztasun sexuala eta LGTBIQ+ eskubideak bistaratzeko egitarau bat antolatu du. Bihar hasiko da programazioa Esnatu naiz kabaretarekin eta iraila bitarte hilabetero jarduera bat egingo da. Horren berri emateko agerraldia egin dute gaur Ekainak 28 plazatxoan Miren Etxebeste ordezkariak eta Koldo Zabala Berdintasun teknikariak.
“LGBTIQ+ kolektiboaren eskubideen aldarrikapena geldiezina da” adierazi du Etxebestek, lehenik, eta aniztasunaren defentsa egin du, segidan. Oro har, sentsibilizazio kanpainak gizarte osoari bideratutakoak izaten direla eta oraingoan arreta jarri dutela kolektiboko kideek erreferenteak izatean azaldu du ordezkariak. “Horren gaineko lana egin behar da kolektiboak beren eskubideen aldarrikapenean aurrera egin dezaten”.
Agerraldia egiteko hautatu duten tokia ez da ausazkoa izan. Ekainak 28 plazatxoa LGBTIQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko muralek osatzen dute eta beste behin eraso egin dietela eta horrelakoak gertatzen direla gizartean salatu du Etxebestek.
Eraso horiek amaitzearen gakoa kolektiboaren eskubideen defentsa gizarte osoak egitean jarri du: “Zenbat eta jende gehiagok defendatu LGTBIQ eskubideak, orduan eta zailagoa egingo zaio horrelako pintadak egiten dituztenei beraien aldarria plazaratzeko. Agian beraiek geratu behar dira armairu barruan eta beste gizarte bat denontzat aldarrikatu behar dugu besteok”.
Egitaraua
- Esnatu naiz kabareta. Martxoak 17, 19:00etan, Oiasso Museoan, euskaraz eta doan.
- Transgeneroen Ikusgaitasunaren Nazioarteko Eguna dela martxoaren 31 baliatu dute emanaldi hau antolatzeko. Andoni Mutiloa artistak antzerkia, musika eta dantza nahastuko ditu ikuskizun honetan, identitatea harreman fisiko eta afektiboak eta sexualitatea lantzeko.
- LGTB/Trans Legeari buruzko kafe-tertulia. Apirilak 20, 18:00etan, Museo tabernan.
- Espainiako Kongresuan onartu berri dute 4/2023 Legea edota Trans Legea bezala ezaguna dena. Haren gainezko zarata mediatiko asko dago eta hori egiteaz arduratzen den jendea badagoela ere azaldu du Zabalak. Hartara, bulo horiek deuseztatzea eta eskubide hau jendarteratzeko gune bat sortzea da tertuliaren ideia. LGTBIQ+ eskubideetan aditu Oihana Puente Cortes abokatuak zuzenduko du tertulia.
- Haurrentzako antzerkia. Maiatzaren 15ean, Eguzkitzako ikasgeletan.
- Familien Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da maiatzaren 15a eta Gehitu elkarteak 4 eta 5 urte bitartekoentzat hausnartzeko antzerki bat eramango dute Eguzkitza ikastetxera. Hamabost minutuko lau antzerki interpretatuko dituzte lau ikasgeletan eta amaieran ikasle guztiak batu eta ordu erdiko antzerki parte hartzaile bat egingo dute. “Bakoitzak bere errealitatea ahalko du erakutsi eta ikusiko da familiak maitasunarengatik irauten direla eta ez familia kideengatik” azaldu du Zabalak.
- Sinopsia: Bi estralurtar iritsiko dira lurrera eta identifikatzen hasiko dira inguruan duten testuingurua. Orokorrean hasi eta dibertsitate familiarrean lur hartu arte.
- Ekainak 28.
- Eragileekin antolatzen ari dira LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna eta ondoren, uztailean, egingo den Martxa.
- Iraila.
- Sublime pelikula eskainiko dute, 2022an Sebastianne Latino saria irabazi zuena. Oraindik ez dute lekua eta ordua erabaki.