95 zuhaitz landatuko dituzte aurtengo Zuhaitz Egunean
Larunbatean (hilak 18) egingo dute egitasmo honen 28. edizioa, San Telmo inguruan. 2022an jaiotako haurrak izango dira protagonista nagusiak.
Hondarribiko Udalak dena prest du aurtengo Zuhaitz Egunerako. Larunbatean (hilak 18) egingo dute egitasmo honen 28. edizioa, San Telmo inguruan. Bertan, gurasoekin batera dozenaka zuhaitz landatuko dituzte herriko haurrek. Zehazki, 2022an jaiotako 95 haur izango dira larunbateko protagonista nagusiak. 11:00etan jarri dute hitzordua.
Ohiko formatua berreskuratuko du larunbatekoak, pandemiak azken urteetakoak baldintzatu baitzituen. Horregatik, aurtengoa mimoz bereziz antolatu dutela azaldu du gaurko aurkezpenean Txomin Sagarzazu alkateak.
“Egun oso berezia da denontzat. Bereziki gaztetxoentzat, zuhaiztiak mantendu eta hedatzeko egin behar den eguneroko ahalegina baloratzen laguntzen die eta, etorkizunean gure basoen zaintza euren esku egongo dela ulertzen laguntzen baitie”, esan du alkateak.
Ametza zuhaitzak landatuko dituzte. Era berean, 2016an jaiotako haurrei makila bana oparituko dietela aurreratu du alkateak.
Milaka zuhaitz
Egitasmoa sortu zenetik (1996an jarri zuten martxan) 4.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte, Juan Luis Silanes zinegotziaren arabera, “kontutan hartzeko moduko datua” da. “Azken urte hauetan San Telmo inguruan ari gara, eta zenbait urtetarako espazio nahikoa badugu hor jarraitzeko. Lan handia egin dela argi dago. Eskerrak eman nahi dizkiet egitasmo honetan laguntzen duten pertsona guztiei, eta ez dira gutxi”.