2023ko kreditu aldaketarako zenbait proposamen egin ditu Abotsanitzek
7 milioi eurotik gorako proposamena egin dute, arloka. EAJk egindako proposamenak dituen "hutsuneak betetzeko" asmoz aurkeztu dituzte.
Gobernu taldeak 12 milioi euroko kopurua onartzea eramango du biharko Ogasun Batzordera. Kreditu aldaketa hau “oparoa” den arren, “herritarrak asko kezkatzen dituen hainbat alderdi kanpoan” utzi dituztela uste du Abotsanitz udal taldeak. “Etxebizitzaren gaia ez da jorratzen, Arrantzale auzoaren egoera hobetzeko neurririk ez dugu topatu eta aparkalekuen gaia ez dute abordatzen”, esan dute. Horregatik zenbait proposamen egin dituzte, “hutsune horiek betetzeko” asmoz. 7 miloi euro baino gehiago aurreikusten dituen proposamena egin dute. Taldekoen arabera, EAJk “bihotz-zabaltasuna erakutsi duenez”, alderdiaren proposamenak onartuak izateko “aukera handiak” ikusten dituzte.
Orotara 7.381.000 euroko proposamena egin dute, ondorengo ataletan banatuta:
- Etxebizitza (4.975.000): Arlo honetan Damarrin Babestutako etxeak egiteko, helduentzako pisuak garatzeko proiekturako, etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzetarako eta degradatutako etxebizitzak birgaitzeko laguntzetarako partidak sartu dituzte.
- Pertsonak eta elkarteak (395.000€): Alde batetik, pertsona zaurgarrieneko arreta hobetzeko partidak sartu dituzte, “zahartze aktiborako, itun sozialerako eta berdintasunerako baliabide eta politikak garatzeko”. Bestetik, kirola sustatzeko, auzoetako kirol-guneak berritzeko eta hondartza inguruko skate eta bizikleta pista egokitzeko proposamenak egin dituzte.
- Ingurumen politika (325.000€): Eraikin publikoetan eguzki plakak jartzeko programa garatzeko, Goikoerrota birgaitzeko, Ibai eta Itsasbazterrak garbi mantentzeko eta Jaizkibel mendia babesten laguntzeko Udal basozaina kontratatzeko partidak sartu dituzte arlo honetan.
- Mugikortasun politika (326.000€): Oinezkoentzako eta bizikletentzako hobekuntzak, garraio publikoa sustatzeko eta ibilgailu propioaren erabilera eta aparkamenduren gaiak abordatzeko neurriak proposatu dituzte arlo honetan.
- Ekipamenduak (1.290.000€): Arrantzale-auzoa, Alde-Zaharra, Pasaia kalea eta Arkoll auzoa birgaitu eta biziberritzeko proposamenak egin dituzte. Gainera, herrian zehar Wifi sare publikoa jartzeko partida ere sartu dute.
- Euskara (70.000€): Euskararen aldeko apustu irmoa egin behar dela diote. Horregatik arlo honetan sartu dituzte euskararen erabileraren ikerketa kualitatiboa egiteko, euskararen kale erabilera sustatzeko iharduerak antolatzeko eta Nerabeek euskaraz trebatzeko programa garatzeko partidak bideratzea.