Zazpi udaltzain berri izango ditu Irunek
Irungo iazko delinkuentzia tasa Euskadiko batezbestekoaren antzekoa dela jakinarazi du udalak. Baina arau hausteak hazi egin dira eta Segurtasun Ituna baliatuz zazpi udaltzain gehiago izango ditu hiriak.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Euskadiko delinkuentziaren 2022ko memoria argitaratu du, Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren datuak jasota. Irunek du 1.000 biztanleko hirien artean arau-hausteen hirugarren tasarik txikiena, hain zuzen, 69,77ko tasa dauka. Getxok 53,15ekoa; eta Gasteizek 62,51koa.
Aurkeztu dituzten datuak 2021ekoekin alderatu dituzte eta 2021ean 3.654 arau hauste penal egin ziren, eta 2022an 4.370 izan ziren. 1.000 biztanleko tasaren arabera konparatu ditu datuak txostenak, eta hartara, delinkuentzia %11,7 igo zen Irunen iaz.
Irun “autonomia erkidegoko batezbestekoaren bueltan dago” adierazi du Irungo Udalak, “lurralde osoan arau-hausteak %10,2 igo baitziren”. Nabarmendu dute Irunek beste udalerri txikiago batzuk baino delinkuentzia apalagoa daukala.
Cristina Laborda Udaltzaingoaren ordezkariak dio aurreko urteetan bezala tasa baxuena duen hiria dela Irun baina, “ohartzen gara arau-hausteek eta delituek gora egin dutela, Euskadiko gainerako herrietan bezala”. Kezkatzen dien gaia dela adierazi du Labordak: “Horregatik, Ertzaintzarekiko koordinazioa indartzen jarraitzen dugu”.
Ertzaintza eta Udaltzaingoaren arteko lana koordinatzeko martxoaren 24ean bilera egingo dutela aurreratu du udal ordezkariak. Batzar horretan foro bat osatuko dutela azaldu du, “eragile sozialak eta hiriko beste kolektibo batzuk batzen dituena”.
Segurtasun eta Bizikidetza Itunaren lehen neurrien artean Irungo ertzain-etxeko agente kopurua handitzea eskatu zuten, eta horrez gain, zazpi udaltzain berri hasiko direla jardunean Udaltzaingoan aurreratu du Labordak.
Bestetik, udaltzaingoaren patruilek egiten dituzten lanak berrikusten ari direla jakinarazi du udalak, “arreta lan eta leku jakin batzuetan lehenesteko”. Azkenik, lanean ari dira ere “botere judizialarekin harremanetan jarri eta berrerortzen diren gaizkileen zigorgabetasunaren arazoari aurre egiteko”.