Santano: "Anbulatorioak partzeletan eraikitzen dira, ez airean"
Orain arte adostutako planarekin jarraitzeko eskatu dio alkateak Osakidetzari, Oinaurren anbulatorio bat eraikitzeko eta erdigunekoa handitzeko.
Irungo anbulatorioen aferaren gainekoak argitzeko agerraldia egin du gaur Jose Antonio Santano alkateak. Osakidetza eta Irungo Udalaren arteko akordioak eta horietara iristeko prozesua zein izan den argitu nahi izan du.
Irunen paziente gehien artatzen dituen anbulatorioa dago Lapitzen eta horregatik udalak 2013tik zerbitzua hobetzeko lanean jarri zirela oroitu du Santanok. “Urte hartan, Osakidetzak espazio bat eskatu zuen hiriaren mendebaldeko aldean, hirugarren anbulatorioa eraikitzeko”.
Eskatututakoa bete egin zutela dio alkateak, eta segidan 2015ean Oinaurreko lurrak plan orokorrean sartu zituztela azaldu du, “Osakidetzarekin adostuta, “osasun arreta pertsonei hurbiltzeko helburua partekatuta””.
2022ra arte bide-orri horri eutsi diotela adierazi du Santanok eta nabarmendu du komunikazioan aritu diren denbora guztian agerian geratu zela “udalaren borondate ona, Osakidetzaren esku jarritako lursailekin”. Oinaurreko proiektuan eta erdigunekoaren erreforman Osakidetzak lanean jarraitu zuela dio alkateak.
Martxan zegoen lan horri gehitu behar zaio udaleko Hirigintza arloak egindako dokumentu bat, “zeinetan Irun Erdialdeko anbulatorioaren azalera ia bikoizteko aukera aztertzen zen. Hori Osasun Sailera igorri zen”.
Osakidetza eta udalaren arteko adostasunak horiek izan zirela gogoratu ondoren, “alkatea harrituta geratu da Osakidetzaren planei buruzko azken informazioaren berri” izan dutenean. Salatu du informazio hori ez zaiela modu ofizialean iritsi, “osoko bilkurak urtarrilean hala eskatu arren”.
Hori dela eta, orain arteko agertokira itzultzea eskatu dio Osakidetzari alkateak: “Horrela egiten da lan erakundeetan: seriotasunez eta zorroztasunez”. Planifikazioa eskatu du eta ez inprobisazioa. “Anbulatorioak partzeletan eraikitzen dira, ez airean”.
Hiriak aukera bakarra daukala berretsi du Santanok: “Ez A planik, ez B planik. Aukera bakarra dago zeina, gainera, azkarrena eta premiazkoena baita hiriaren beharrei erantzuteko”. Udalak bere lana egin duela argudiatu du eta orain Osakidetzak bere konpromisoa erakusteko momentua dela uste du.
Konpromiso hori agerian uzteko “Oinaurreko anbulatorioaren proiektua idazteko lanak abian jarri behar ditu Osakidetzak, egoki iruditzen zaien tamainan, adostu genuen moduan”.
Lapitzekoa ez ixtearen alde dago alkatea, “gure ustez zerbitzu ona ematen jarrai dezake instalazioa erreformatuta eta, beharrezkoa bada, handituta”. Azkenik, udalak ez duela planean jasota dagoen beste zerbait eskatzen adierazi du.