Euria kontzertuaren parte izan da 'Bidaian'
Entzuleek ikusmin handiarekin erantzun zioten Jostaldin joan den larunbatean egindako kontzertuari. Antolatzaileek arrakastaz baloratu dituzte Txingudi badian egindako hiru kontzertuak.
Joan den larunbatean Jostaldi pilotalekuan egin zuten Bidaia ikuskizunaren balorazioa egin dute antolatzaileek. Urtarrilean atzeratu egin behar izan zuten emanaldia pilotalekuak baldintzak betetzen ez zituelako eta sarrerak azkar batean saldu zituzten berriz ere data bat finkatu zutenean, “ikusmina handia zen”.
Orotara, hiru kontzertu eskaini dituzte Hendaia, Irun eta Hondarribian eta 3.300 entzule gerturatu dira hiru hirietako datuak batuta. Rene Zugarramurdik abesbatza eta orkestrentzat pentsatutako ikuskizun berezia da entzuleek gozatutakoa.
Balorazioa
Hondarribiko saioa egin zen eguna euritsua izan zen eta antolatzaileak harritu egin ziren “jendea aurrerapen askorekin” hurbildu izana. Izan ere, euriak etxetik irteteko nagikeria eragin dezake, baina ez zen kasua izan. “Euria, ustekabean, kontzertuaren parte izan zen: Obraren lehen notak hasi ziren euriaren soinu azpian, historiaurreko leizeetako giro hezea bere erara markatzen zuena eta partituran idatzia izan zitekeela ere eman zezakeena”.
Emanaldi bat eskaintzen duen edozein artistarentzako izaten dira eskertzekoak amaierako txaloak eta zaparradan jasotzen baldin badira eskainitakoa asko gustatu denaren seinale izan daiteke: “Emanaldia bukatzean publikoak txalo-eztanda batean lehertu zen hiru minutu baino gehiagoz. Jendea oso pozik zegoen, oso hunkituta eta gogotsu”.
Ordu eta erdiko argi eta soinu dantzaren deserta Agur Jaunak abestia izan zen eta 1.000 ahotsek interpretatu zuten. Arrakastatsua izan denez bidaia hau, beste udalerrietatik interesa erakutsi dute haien herrietan ere kontzertua egiteko.