'Esnatu naiz' kabareta estreinakoz Irunen
Euskal Herritik Londresera nortasuna garatzeko aukeren bila joan zen Elurren istorioa da nagusi. Trans kolektibokoen egunerokotasuna, generoa eta sexu joerak lantzen ditu kabaret honetan Andoni Mutiloa zuzendari eta aktoreak.
Euskal Herrian 60 emanaldi baino gehiago egin eta gero Bidasora iritsiko da lehen aldiz Esnatu naiz kabareta, ostiral honetan. Oiasso Museoan izango da, 19:00etan, eta sarrera doakoa da inolako gonbidapenik gabe.
Andoni Mutiloak sortu eta interpretatzen du kabaret hau eta “komedia eta drama nahasten dituen obra dinamiko eta erakargarri” gisa definitu du artistak.
Bere buruari galdetu zion “nire nortasuna eta nire egunerokoa bat al datoz?”. Erantzuna ezezkoa izan zen, “hutsune bat zegoela ohartu nintzen. Zerbaitek huts egiten zuela konturatu nintzen eta pentsatu nuen niri bezala jende askori gertatuko zaiola egunerokoan”.
Nortasuna, generoa, eta sexu joera ezberdinak lantzen duen obra bat da, eta LGBTIQ+ kolektiboko pertsonek oraindik gaur egun Euskal Herrian normaltasun osoz bizitzeko dituzten arazoei buruzko gogoeta egitera bultzatu nahi dute ikuslea.
Pertsonaia nagusia Elur da. Bera Londresera joan zen orain hamar urte atzera eta Pink Flaminco izeneko klubean egiten du lan. Elur bertako artistarik ospetsuena da, trans kolektibokoa baina egun batean esnatu egingo da eta ezingo du showarekin segitu. Aipatu beharra dago Kerobia taldearen Esnatu naiz abestia oso presente dagoela obran.
Elur Euskal Herrian baserri batean bizi zen eta dena atzean utzi zuen Peio deitzen zioten garai horretan. “Artistaren atzean dagoen pertsona ezagutuko dugu”.
Mutiloa zuzendariak nabarmendu du harrera oso ona izan duela kabaretak: “Gai zehatz bati buruz hitz egiten ari gara: trans kolektiboa. Segur aski ikuskizunak harrera oso ona izan badu orain arte ez delako bat ere ohikoa izan ikustea kabaret bat euskaraz eta gai hau lantzen duena Euskal Herrian izan da”.
Helduentzako ikuskizuna da baina sortzaileak adierazi du gaiak sortzen duen interesagatik nerabeei zuzendutako emanaldiak eskaintzen hasi direla ere.