Kosta kalea hobetzeko prozesuaren bosgarren saioa egin dute auzotarrekin
Hiri mugikortasunerako zirkulazio berritzailearen ebaluazio partekatua egin du udalak auzotarrekin. Juan Luis Silanesen arabera, bilera "oso interesgarria" izan da.
Kosta kalea hobetzen izeneko parte hartze prozesuaren bosgarren saioa egin berri dute Amute-Kosta auzo elkartean. Bertan, Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziaz gain, hainbat herritar izan dira. Kosta kalean abiatutako hiri mugikortasunerako zirkulazio berritzailearen ebaluazio partekatua egin dute bertaratutakoek.
Silanesen arabera, bilera “oso interesgarria” izan da. Udalak aurkezpen bat egin zuen bilkuran, eta bertan Kosta kalean iaz abiatutako “mugikortasun apustu berritzailea” nolakoa izan den gogorarazi zuten. Kasuistika ezberdinak mahai gainean jarri zituzten, bai oinezko, bizikleta, garraio publiko zein automobil pribatuen ikuspuntuetatik.
Ikuspuntu edo gailu bakoitzeko mahai bat osatu zuten. Hauetan kalearen funtzionamenduaz hausnartzen aritu ziren, eta auzotarrek proposamenak helarazi zituzten, bukaeran, hausnarketa amankomuna egiteko.
Honako bost erronka ditu proiektuak, udalaren arabera, jada bete direnak: oinezkoentzako ibilbidea hobetzea; trafikoaren intentsitatea eta abiadura murriztea; ziklabilidadea hobetzea; motordunen noranzko bikoitza mantentzea; eta espazioaren banaketa “justuagoa” egitea.