12 milioi euroko kreditu aldaketa proposatuko du udal gobernuak
Osteguneko Ogasun Batzordera eramango dute proposamen hori. Agintaldi berria ekainean hasiko denez, martxo bukaeran kreditu aldaketa hori proposatzea "erantzukizunez jokatzea" dela esan du alkateak.
EAJren Udal Gobernu Taldeak 12 milioi euroko kopurua onartzea eramango du osteguneko (hilak 16) Ogasun Batzordera. “Urtero bezala, aurreko urtearen likidazioa egin eta gero, badu udalak aukera altxortegiko dirua erabiltzeko egoki jotzen dituen proiektuetarako”, esan du Txomin Sagarzazu alkateak, kreditu aldaketaren proposamena aurkezteko eskaini duen agerraldian.
Gaur aurkeztutako proposamen hori jada udal talde guztiei bidali dietela jakinarazi du alkateak, eta hilaren 30eko ezohiko udalbatzan onartzea proposatu dutela jeltzaleek.
Agintaldi berria ekainean hasiko denez, martxo bukaeran kreditu aldaketa hori proposatzea “erantzukizunez jokatzea” dela erantsi du, ekainetik aurrera izango baititu udal gobernu berriak eskura partida horiek. “Horrek ez du esan nahi inolaz ere udal gobernu berriak bere lehentasunen arabera ezin izango duenik beste kreditu aldaketarik egin, baina abian diren hainbat proiektu gauzatzeari eta herritarrei zerbitzu ematen jarraitzeari ematen diogu axola handiena ekimen honen bidez”, esan du Sagarzazuk.
Proposamena egiteko “erakundearen jarraikortasunari” begiratu diotela ere esan du. Proposamen guztiak aurten gauzatzea “zaila” izango dela dio, baian nahiago dutela osotasunean onartzea, aipatutako arrazoiengatik.
12 milioi euro horiek hiru atal nagusitan banatu dituzte: 2023ko aurrekontuetan sartu ezin izan diren hainbat partida (2,1 milioi euro); herri eragileei bideratutakoak (700.000 euro); eta udalaren inbertsioetarako sei milioi euro (Agintaldi Planarekin bat datozenak).
Proposamen bakoitzean jasotako proiektu eta ekintza guztiak, hemen kontsulta daitezke.