Garbiketa lanak egin dituzte Jaizkibelen
70 kilometro inguru txukuntzen dituzte urtean birritan. Lanek 23.000 euroko aurrekontua dute, eta segurtasun arrazoiengatik, hainbat errepide tramu moztu dituzte.
Azken asteotan, Hondarribiko Udaleko Ingurumen sailak eta Behemendi elkarteak Jaizkibel mendiko hainbat ingurutan garbiketa lanak egin dituzte. Arkoll, Akartegi, Zimizarga, Montaña eta Jaitzubia inguruetan 70 kilometro inguru garbitzen dituzte urtero birritan. Aurten, 23.000 euroko aurrekontua onartu zituzten lan horiek garatzeko.
Garbiketa lanen ondorioz, azken asteetan ibilgailuentzat errepidea moztu dute hainbat aldiz eremu desberdinetan. Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak segurtasun arrazoiak medio justifikatu ditu mozketak,; eta datorren hilaren 18an, Zuhaitz Eguna ospatuko duten eremua garbituko dute, Higer Itsasargitik Errota ingurura doan pistarekin batera.