Presa Iean etxebizitzak eraikitzeko lizentzia jaso du Visesak
Alokairuko 66 etxebizitza, 55 aparkaleku eta 260 metro koadroko merkataritza lokal bat eraikiko dituzte Presa I eremuan. Datozen hilabeteetan hasiko dira eraikitzen.
Visesak, Etxebizitza Sailburuordetzaren mendeko Sozietate Publikoak, Presa Iean 66 etxebizitza eraikitzeko lizentzia jaso berri du. Gaur goizean baimen horren xehetasunak eman ditu Txomin Sagarzazu alkateak.
2018ko azaroaren 12an Visesaren eta udalaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu zen. Guztira 84 etxebizitza eta txandakako aparkaleku bat eraikitzea aurreikusten zen. Gerora, hitzarmena 1996ko Arau Subsidiarioetara egokitu behar izan zuten eta 2020eko ekainean Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra baliogabetu zela kontuan hartuta, 2021eko abenduaren 29an sinatu zuten Presa I eremuan obrak egiteko hitzarmen berria. Jarraian, lursailaren azterketa egitea onartu zuen udalak, eta orain, eraikitzeko lizentzia eman dio Visesari.
66 etxebizitza eraikitzeaz gain, 55 aparkaleku eta 260 metro koadroko merkataritza lokal bat eraikiko dituzte ere. Visesak bi urteko epea izango du horrretarako.
Etorkizunean Hondarribian etxebizitza publikoa eraikitzeko “urrats berri bat” eman dela azaldu du Sagarzazuk, eta hori, noski, oso berri ona dela gaineratu du. Etxebizitzak datozen hilabeteetan hasiko dira eraikitzen.