Miren Etxebeste: "Legegintzaldia bukatuko da V. Berdintasun Plana onartu gabe"
Elkarretaratzea egin dute San Juan plazan Irungo Udalak antolatuta. Udaletxean orain lantzen dabiltzan V.Berdintasun Plana onartzea urrun ikusten du Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak.
Elkarretaratzea egin dute gaur San Juan plazan Irungo Udalak hala deituta. Gaur Martxoaren 8a da eta udalak adierazpen instituzional bat argitaratu du zeinetan emakumeen parte hartzearen alde lan egiteko prest daudela adierazi duten.
Gaurko elkarretaratzean V.Berdintasun planaren gainean galdetu dio HITZAk Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziari. Izan ere, Emakundek planean lau zuzenketa egitea eskatu zituen eta horiek behin jasota, osoko bilkurara eraman behar dute plana onartua izan dadin.
Etxebestek azaldu du Berdintasun zerbitzuak gehitu dizkiola planari Emakundek bidalitako iradokizun eta eskakizunak, gainera nabarmendu du horietako batzuk “ezinbestekoak” zirela.
Hori eginda, udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiei bidali diela plana baieztatu du ordezkariak, “orain alderdien erantzunaren esperoan gaude”. Hilabete bat baino denbora gehiago pasa dela plana partekatu zutenetik dio Etxebestek eta atzo irrati batean horretaz galdetutakoan beste alderdiei ez zutela horren gaineko erantzunik eman adierazi du.
Penarekin adierazi du zinegotziak “legegintzaldia bukatuko da V.Berdintasun Plana onartu gabe”, eta gaineratu du, beraz, osoko bilkuratik ere ez dela pasako maiatzaren 28a baino lehen. Beste behin errepikatu du Irun Berdintasun planik gabe geratzekotan, “Erantzukizuna alkatearena eta beste alderdi politikoena” izango dela.