[Argazki galeria eta bideoa] Martxoak 8 plazan sare morea zintzilikatu dute
Emeki Emakume elkarteak urte osoko lanketa egin du Hondarribiko hiru ikastetxeetako ikasleekin. Kurtsoan zehar feminismoa zer den, Martxoak 8 eguna nondik datorren eta zer aldarrikatzen duen, eta gai horiek egunero lantzearen garrantziaren inguruan hausnartu dute.
Aurten ere, iaz egin bezala, Sare morea zintzilikatu dute Martxoak 8 plazan. Sarea Emeki Emakume elkarteak urte osoan Hondarribiko ikastetxeekin egin duen lanketaren islatu dute ikastetxeetan landuriko materialak ipiniz. Kurtsoan zehar feminismoa zer den, Martxoak 8 eguna nondik datorren eta zer aldarrikatzen duen, eta gai horiek egunero lantzearen garrantziaren inguruan hausnartu dute.
Eguerdiko 12:00ak puntu puntuan heldu dira ikasleak aldarrikapenez beteriko pankartak eta kartulinak eskuetan zituztelarik. Ikastetxe guztiekin lan egin duten arren Egiluze ikastetxeko ikasleak soilik bertaratu ahal izan dute.
“Normalean horrelako ekintzetara gonbidatzen gaituztenean beti etortzen gara. Beti saiatzen gara gure laguntza apur hori ematen” azaldu du Egoitz Alcarazek Egiluze ikastetxeko DBHko zuzendari pedagogikoak.
Emeki elkartearen eskutik lantzeaz gain eskolan ere, Martxoak 8 eguna, urtero lantzen dutela azaldu du: “Eskolan jorratzen dugun gaia da. Martxoaren 8 iristen den heinean lantzen ditugu testuak, bideoak eta bestelakoak. Gure ikasleak kontzientziantzen saiatzen gara eta azaroak 25arekin berdina egiten dugu”.
Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen arteko elkarlanetik sortu dira gaurkoan zintzilikatu dituzten materialak: “Egia esan aurten denboraz nahiko larri ibili gara, ze noski, kartelak egiteko denbora behar da. Baina Lehen Hezkuntzakoek lagundu digute eta gero DBHkoek bukatu dituzte”.
Azkenik Emeki Emakume elkarteko kideek eskerrak eman dizkiete Egiluze ikastetxeko ikasleei egindako lanarengatik.
Hona hemen gaur goizeko zenbait argazki eta bideoa: