Kirol instalazio gehiago eta hobeak nahi ditu EAJk
San Migel-Anaka kiroldegi berriaren "beharraren" eta Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzeaz mintzatu zen atzo Xabier Iridoy.
Irungo EAJk IDEIAlekuko hitzaldiak antolatzen jarraitzen du. Atzo euskal selekzioak eta zahartze aktiboa izan zituzten hizpide, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariaren eta Xabier Iridoyren parte hartzearekin.
Iridoy EAJ “buru” duten bi proiektuz mintzatu zen: San Migel-Anaka kiroldegi berria eta Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdaketa Txenpereneara. Txenpereneako lekualdaketari dagokionez, Irdidoyk zehaztu zuen bost urte baino gehiago pasa direla kokalekua finkatu zenetik, eta denbora horretan “aurrerapen argirik” ikusi ez dela esan zuen: “Proiektua lo dago gaur egun, eta izapideak ohi baino motelago doaz. Argi eta garbi bistakoa da Santano alkatearen egiteko moduek hiria geldiarazten dutela. Irun ez da ari behar bezala eta merezi duen bezala aurrera egiten”.
Halaber, EAJko alkategaiak azpimarratu zuen udalak egindako ikerketa batetik eta hiriko klubekin izandako elkarrizketetatik abiatuta, San Migelen kiroldegi berri baten “beharra” ikusten dutela, “auzoarentzako elementu integratzaile berria” litzatekeena. Jeltzaleen proposamenak honakoa jasotzen duela jakinarazi zuen Iridoyk: instalazio estalia, bi igerileku eta udako solariuma, fitness gela bat, pista balioaniztun bat eta zaharberritzeko espazio bat.
“Espazio freskoa eta aisialdi osasungarria” sustatu eta energia kontsumo txikikoa izango litzatekeela esan zuen, “jasangarritasun irizpide aurreratuenekin”. Irunentzat aukera “eztabaidaezina eta paregabea” bada ere, Iridoyk esan zuen Santanok “momentuz uko” egin diola aukera horri. “Alkateak plisti-plasta ibiltzeko igerileku soil batzuen aldeko apustua egin du”, gaineratu zuen alkategaiak.
Iturriagak ere “begi onez” ikusi zuen kiroldegi berria eraikitzeko proposamena, eta etorkizuneko kiroldegiek “elementu integratzailea” bildu behar dutela aldarrikatu zuen, “adin eta baldintza ezberdinetako pertsonak kirola egitera gonbidatzeko; besteak beste, zahartze aktiboa sustatuz”.
Euskal selekzioen harrerari erreparatuz, Iturriagak adierazi zuen Euskadiko Pilota Federazioa Nazioarteko Pilota Federazioa sartzea onartu berri dutela. Horrez gain, nabarmendu zuen, 4.000 pertsona baino gehiagori egindako “inkesta zorrotz” batean ikusi dutela gipuzkoarren %80ak “jarrera ona” duela Euskal Selekzioarekiko.