'Fadias's tree', erbestearen erretratu bat
Pertsonen mugikortasuna baldintzatzen duten muga eta hormekin lotutako dokumentala ostiralean proiektatuko da Amaia KZn, 19:00etan.
Irungo Udaleko Kultura arloak Fadia’s tree dokumentala proiektatuko du ostiralean, hilak 10, 19:00etan, Amaia KZn, DokuIrun egitasmoaren barruan.
Sarah Beddington zinemagile britainiarrak zuzendu du dokumentala, eta pertsonen mugikortasuna baldintzatzen duten muga eta hormekin lotutako gai unibertsalei hausnartzera gonbidatzen du ikuslea, Libanon errefuxiatua bizi den eta jaioterrira itzultzeko irrikan dagoen emakume palestinar baten istorioaren bidez. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren XIX. ekitaldian film luze onenaren Amnistia Internazionala saria irabazi zuen.
Proiekzioa Amnistia Internazionalarekin batera antolatu da, eta elkarte horren Espainiako ataleko presidente den Beth Gleb Cohen Irunen izango da.
Sarrera librea da eta bi modutara eskura daiteke: Amaia KZren webgunean edo antzokiaren txarteldegian emanaldia hasi baino ordubete lehenago, betiere sarrerarik geratzen bada.