[Bideoa] Hizketaldia Emakumeen Etxearen bultzatzaileen artean
Emakumearen Etxea egi bihurtzeko lanetan aritu diren emakumeak elkartu dira gaur Istillaga plazan. Goizeko jardueren laburpen bideoa egin du HITZAk.
Emakumeen Etxea ezin izan dute gaur inauguratu, baina horren eraikuntza lanetan aritu diren emakumeek elkarrekin egoteko ekitaldia antolatu dute Istillaga plazan bertan. Bazkideak, politikariak, herritarrak… denak bildu dira ilusioa partekatzeko elkarri begira, zirkuluan, Ylenia Benitoren gidaritzapean.
Bideo honetan goizean zehar egindako goizeko aldarrikapen ekintzak eta M8 egunaren bueltakoak jaso ditu HITZAk.
Lehenik, baina, Aintzane Ugalde Emakumeen Etxea elkartearen zuzendariak hitza hartu du. Emakumeen Etxearen proiektua egikaritu bitarteko urteak oroitu nahi izan ditu, eta prozesuaren erdigunea pandemiak ezarritako murrizketetan jarri du. “Prozesua geldiarazi ostean, 2021. urterako aurrekontuetan, Irungo Emakumeen Etxea, Istillaga plazan, 8.zenbakian kokatzea erabaki zuen tokiko gobernuak”.
‘Irun eredua’ baliatuko dutela adierazi du Emakumeen Etxeko zuzendaritza batzordeko Maribel Castellok. Ez dute nahi udal gobernu aldaketek baldintzatzea Emakumeen Etxearen proiektua, eta hartara, eredu propio bat garatu dute: “Denbora luzerako proiektua dela argi genuen. Ezin du saiakeran huts egin proiektu honek. Beraz, argi genuen udal gobernuan agintzen zegoena agintzen egonda ere, zeren egiari zor, alderdien arteko harremanek eragin zuzena dute proiektu honen finantzaketan, ardura partekatzearen aldeko hautua egin dugu”.
Partekatutako ardura hori mugimendu feministaren eta udaletxearen artean egingo dela azaldu du Castellok. “Oreka bilatu behar izan dugu guk egin nahi dugunaren eta etxearen mantenu ekonomiko eta fisikoaren artean”. Horregatik egin dute elkarlanaren alde.
Ekitaldian Virginia Imaz pailazoak ere parte hartu du, eta jarraian, bazkaria egingo dute 60 bazkideek. Ugalde elkarteko presidenteak bazkidetza egiteko deia zabaltzeko probestu du unea.
Emakumearen Etxeari buruzko xehetasun guztiak erreportaje honetan jaso ditu HITZAk. Bestetik, bisita ezazu Martxoaren 8ko atala.