[Argazki galeria] "Beste Martxoak 8 batez", aldarrikapenak kalean
Feministek mundu ez feminista honetan beste urte batez eskubideak aldarrikatzera irten direla salatu dute. Manifestazioaren amaieran, emakumeek alardean parte hartzeko aldarriak oihu handia izan du.
Urruñatik eta Hondarribitik manifestazio zutabe bana irten dira Irun alderantz, eta Iparralde hiribidean bat egin dute. Pertsona kopurua zenbatzea zaila da, baina Txingudi osoko jende andana elkartu da. Hala ikusi ahal izan da ere amaiera izan den Istillaga plazako argazkian.
Denon bizitzak erdigunean aldarria nagusitu du aurten Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Bidasoko manifestazioaren antolatzaileek bat egin dute eskakizunarekin. M8 Asanblada Feministak ere plazerez betetako bizitzen alde egin du, “biolentziarik gabekoa, askatasun eta parekidetasunean, indibidualtasunak alboratuta eta komunitarioaren aldekoa”.
Lehenik, “beste Martxoaren 8 batez” beste urteetako aldarriak eskatzen ari direla salatu dute: “Beste martxoaren 8 batez gure eskubideak, askatasunak, ikusgarritasuna eta mundu kapitalista, kapazitibo, heteropatriarkal, klasista, sexista, kolonial eta arrazista honetan gure lekua aldarrikatzen jarraitu nahi dugu”.
Lan eta bizi baldintza prekarizatuekin amaitzea eskatu dute feministek, eta horretarako eskatu dute soldata arrakalarekin bukatzea; familia kontziliazio erreala egikaritzea; pentsio duinak ahalbidetzea; eta gorputzen gaineko atseden eta plazer eta gozamenerako eskubidea izatea.
Zaintza lan ikusezinak eta errekonozimendurik gabekoak “ez ditugu ahanzten” diote, eta adierazi dute gehienetan migratutako emakumeek egindako lana dela, “denon bizitzak duintzeko zaintza lanen erregimena eta atzerritartasun legea aldatu behar dira, baita egoera irregular administratiboan dauden pertsonak erregularizatu ere”.
Zapalkuntza guztiekin bukatzeko “motorra” dela feminismoa adierazi dute eta “denok aske izan arte” borrokan jarraituko dutela argi utzi dute, “mugak hautsiz eta zubiak eraikiz, inor atzean utzi gabe, atzerapausorik gabe”.
Gaur egun borrokan segitzeraino “aurretik borrokan aritu diren emakume guztiei esker” daudela aitortu dute. “Zuek zarete gure erreferenteak, gurekin zaituztegu!”.
Irungo eta Hondarribiko Alardeen egunetan ere badela martxoaren 8an azpimarra jarri dute: “Udalen batek dioen bezala, guretzat ere egunero da martxoak 8, ekainaren 30ean eta irailaren 8an ere hala dela gogorarazi nahi dugu. Bada garaia diskriminazio horrekin bukatzeko”. Emakumeak alardean oihukatu dute Emakumearen Etxearen atarian.