Alarde Fundazioak eginiko balorazioari erantzun dio Guztion Alardeak
Alarde Fundazioak “manipulazioan oinarritzen den bileraren laburpen bat” plazaratu duela esan dute, eta zenbait punturi zehaztapenak egin dizkiete.
Atzoko egunez Alarde Fundazioak otsailaren 27an Guztion Alardearekin izandako bileraren balorazioa egin zuen. Gaurkoan, Guztion Alardeak bere ikuspuntua azaldu nahi izan du.
Lehenik, argi utzi nahi izan dute otsaileko bilera beren ekimenez egin zela, eta ez Alarde Fundazioaren ekimenez.
Bestalde, Alarde Fundazioak Hondarribiko alderdi politikoekin eta Hondarribiko elkarte eta taldeekin hainbat bilera egin ditu, eta horien ondoren egin dituzten adierazpenak ikusita “gaizki ulertuak ekiditeko asmoz” Guztion Alardeko kideek bileraren ondorioak modu bateratuan adosteko eta izenik ez emateko proposamena luzatu zieten. Alarde Fundazioak baina, ”jaramonik egin gabe eta gure kezkak baieztatuz gure ikuspuntutik manipulazioan oinarritzen den bileraren laburpen bat plazaratu” duela esan dute.
Bilera horiek, gainera, “elkarrizketatik urrun dagoen talde baten zuriketa publikoa” direla diote; izan ere, “aquí no hemos venido a discutir si la mujer puede desfilar o no como soldado, solo a conocernos” bezalako esaldiekin “estrategia agerian” geratu zela iritzi dute.
Baieztapen horien ondoren, Alarde Fundazioak egindako lau punturi zehaztapenak egin nahi izan dizkiete:
Alde batetik, Alarde Fundazioak “emakumeek ez parte hartzeko muntatutako ingeniaritza legala” nahiko konplexua dela onartu dute.
Bestetik, Alarde Fundazioaren komunikatuan azaltzen zenari kontra eginez, ez dutela Alarde Fundazioak Alardea antolatzeko duen zilegitasuna onartzen azaldu nahi izan dute: “Herriaren ondarea den Alardea bahitu eta gutxi batzuen esku utzi dute”.
Gainera, Alarde Fundazioko ordezkarien aldetik, bileran “askatasun indibidual eta kolektiboekin”, ez eta “errespetuarekin ere zerikusirik ez zuten adierazpenak” egin zituztela plazaratu dute. Eta azkenik, Hondarribiko Alardea herritarren gehiengoak babesten duela esatea “errealitatetik kanpo dagoen adierazpena” dela esan dute. Izan ere, Jaizkibel konpainiaz gain, “herri osoarentzat izango den desfile batekin amesten dugunetako askok” Alardean parte hartzen jarraitzen baitute.