Itzulpen zerbitzua eskainiko dutela datorren kongresuan baieztatu du Irungo Udalak
Irunen izan den Espainiako Memoria Historikoaren Kongresuan ez zen itzulpen zerbitzurik eskaini Kepa Ordokik azaleratu zuenez. Udalak dio bi hizkuntzatan egin zuenik izan zela "inongo arazorik" gabe.
BERRIAk jaso duenez Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak salatu du ez zela itzulpengintza zerbitzurik eskaini Irunen egin berri den Espainiako Memoria Historikoaren Kongresuan. Hizkuntz Eskubideen Behatokia batu da salaketa horretara.
Irungo Udalak erantzun egin die adierazpen horiei eta onartu egin dute lehentasuna eman izana gaztelaniari eta esan dute ere ez zela euskarazko aldibereko itzulpenik eskaini. Horregatik, barkamena eskatu dute: “Barkamena eskatzen diegu hizkuntz eskubideak errespetatuak izan ez zirela uste dutenei”.
Hurrengo edizioetan “hutsegitea” zuzenduko dutela baieztatu du Irungo Udalak. Dena den, argitu nahi izan dute parte hartzaile guztiei eman zitzaiela aldez aurretik hitzaldien gaineko xehetasunak, “eta hizlarietako batek ere ez zuen iradoki ez eskatu hitzaldia beste hizkuntza batean ematea”.
Norbaitek gaztelania ez den beste hizkuntza batean hitzaldia eskaini nahi izan balu, lehenagotik konponbidea bilatuko zuketela azaldu du udalak. Bestalde, iragandako kongresuan batzuek bi hizkuntzatan eskaini zutela hitzaldia “inongo arazorik” gabe argitu dute ere.
Kongresuaren balorazioa
Memoria Historikoa departamentua kontent dago kongresuaren bilakaerarekin. Hainbat unibertsitate eta maila akademikotako hogei hizlarik baino gehiago parte hartu zuten, eta 779 entzule gerturatu ziren.
Memoria Historikoaren Bulegoaren esanetan, “memoria huiustorikoa jendarteratu eta dibulgatzeko pauso berri bat izan da kongresua, funtsezko helburua bera herritarrek gaiari buruz eta, batez ere, Irungo historiari buruz ikasteko”. Ez dela antolatuko duten azken jarduera aurreratu dute.