Herritarren proposamenak gehitu dizkiote Belartzako proiektuari
Hurrengo pausoa 7 milioi euroko aparkalekuaren lanak lehiaketara ateratzea izango da.
Belartzako aparkalekuaren gaineko partaidetza prozesua egin du udalak, eta guztira, hamabi ekarpen jaso dituzte. Aparkaleku berria Berrueta Pintorea, Zurbaran eta Pio Baroja kaleen artean egingo dute, Artia auzoan.
Proiektua Artiako auzo elkarteari aurkeztu dio jada udalak, eta hurrengo urratsa lanak lehiaketara ateratzea litzateke. Aurrekontua 7 milioi eurokoa izango da.
Herritarren proposamenetako bat ibilgailu elektrikoak kargatzeko aukera emateko eta bizikletak seguru aparkatzeko toki bat eskaintzea izan da. Proiektuan jasoa dagoela hori baieztatu du udalak. Gainera, trastelekuak jartzeko ere eskatu dute parte hartzaileek.
Egungo zuhaitzak aztertzeko eta ingurua atseginagoa izateko berdeguneak eskatu dituzte ere, eta eite txikiko landareak jartzeko eskaerari erantzungo diote ere. Aldi berean, gimnasia aparatuak eta kalistenoak instalatzea aztertuko dute.
Bestetik, TAO sistema hedatzea aztertuko du udalak, “auzoaren ezaugarriak kontuan hartuta betiere”. Horretarako, proiektua egikaritzeko faseak eta haren eragina zein eta nolakoak izango diren jakitearen esperoan dago udala.
Proiektua idazteko premisa nagusia “aparkalekuak orubean okupatzen duen azaleraren eta aparkatzeko tokien kopuruaren arteko egokitasuna optimizatzea” izan dela azaldu du Irungo Udalak.
Aparkalekua lurpekoa izango da eta bi solairu izango ditu, eta orubeko maldan beste solairu erdi bat sortuko dute ere. Ibilgailuak Berrueta Pintorea kaletik sartuko dira, eta irteera Zurbaran kalean egongo da. Oinezkoek, berriz, bi irteera izango dituzte ere, eraikin eta saltoki g ehien dauden lekuetatik gertu. Igogailu bat instalatuko dute bertan ere.
Ibilgailuak 2,5×5 metroko tokietan aparkatuko dira, eta bideak 5 metroko zabalera izango du eta noranzko bakarrekoa izango da. Guztira 171 autoentzako tokia izango du.
Lur gaineko eremua bi zatitan banatuko dute, maila desberdinetan egongo da, alegia. Estalki osoa aisialdirako erabiliko da, eta bertan, bina gune sortuko dituzte: haurrentzako parke bat eta kirol instalazioak. “Horrela, auzotarren topagune bihurtuko da aparkalekuaren gainaldea, eta Belartzako mendi hegal berdea luzatuko du”.