Erbestera joandako 10.337 haur identifikatu dituzte, horietatik 1.590 irundarrak; 609 hondarribiarrak eta 571 pasaitarrak. Intxorta 1937 elkarteak eta Foru Aldundiak identifikatu ez dituzten haurrak identifikatzeko, haur horiei gonbita luzatu die.
Intxorta 1937 elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin Espainiako Gerra Zibilean erbestera joandako 16 urtetik beherako haurrak identifikatu ditu. Haur horiek 1920. urtetik aurrera jaiotakoak dira, eta Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herria arteko muga pasatu zutenak.
Datuak publiko egin dituzte, eta igande honetan, martxoaren 18an, 11:30ean, Donostiako Kursaal aretoan omenaldia egingo diete haur horiek izan zirenei. Horregatik, ekitaldiaren berri emateko eskaera egin du elkarteak, “harremanetan jartzea lortu ez dugun baten batek joan nahi izatekotan jakin dezan”.
Gonbidapena behar da bertaratu ahal izateko, eta horretarako 943 11 39 63 telefono zenbakira deitu behar da, edota
erakunde.harremanak@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi.
Orotara, erbestean izandako 10.067 haur gipuzkoar identifikatu dituzte, eta horietatik 105 erbestean jaio ziren. Bestetik, beste 270 haur identifikatzea lortu dute erreferentzia eskas bat baliatuz: “Hau da, badakigu haurraren amaren dokumentazioagatik–kasu gutxitan aitarenarengatik– erbesteko herri edota hiri batean egona zela gurasoa eta hark seme-alaben bat zuela. Baina, ez dakigu zein den haurraren lehen abizena, ezta izena, ezta adina, ezta jatorria. Emakumeak haurrak zituela soilik topatu dugu jasota kasu horietan”.
Gipuzkoako 56 herritakoak ziren, eta 246 haur ez dute jakin zein herritatik abiatu ziren. Oarso Bidasoko datuei erreparatuta, irundarrak 1.590 haur izan ziren; hondarribiarrak 609; eta pasaitarrak 571. Gehiengoak, 3.681, donostiarrak ziren.
Donostiakoen, Irungoen, Hondarribikoen eta Pasaiakoen izen-abizenak aurkitu dituzte, baina badira Gipuzkoako herri batzuetako haurrak ez dituztenak haien izen-abizenak topatu. Bestetik, bina kasu topatu dituzte Abaltzizketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman; eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun.
Guztietatik 5.053 mutil gisa identifikatu dituzte, eta 4.960 neska bezala. Badira 324 haur generorik ezarri gabekoak, edota ikertzaileek horren gaineko zalantzak izan dituztenak: “Dokumentu batean, adibidez, Julio izena duela dio, baina beste batean Julia dela”.
Haur guzti horietatik 141 bizirik daude, eta elkartearekin harremanetan izan diren 18 hil egin dira ikerketa egin bitartean. Orotara, 50 lekukotasun bildu dituzte, 30 emakumerenak eta 20 gizonenak. Gainera, 130 pertsonekin jarri ziren harremanetan informazio gehiago lortzeko.