Gazteluzar larunbatean irekiko dute berriz ere
Bi antzezlanen bitartez egingo dute zaharberritutako ondarearen aurkezpena, larunbatean, 12:00etan. Lanak egiteko 601.754,09 euroko aurrekontua erabili dute.

Gazteluzar gazteluko zaharberritze eta kontserbatze lanak ikustera joan zen atzo Jose Antonio Santano alkatea, eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkariarekin batera. Bertan izan ziren ere Ondareko ordezkari Miguel Angel Paez, eta Obretako ordezkari Cristina Laborda.
Lan hauen xede nagusia “ondarearen balioa aitortzea” izan dela dio Santanok, “oso elementu garrantzitsuak baitira Irungo eta Gipuzkoako kultur ondarearen barruan”. Gaineratu du lanak egin bitartean egindako aurkikuntzei esker “hobeto uler dezakegu zer-nolakoa zen gotorleku hau”.
Aztarnategia herritarrengandik gertu izateko berritze lanak “funtsezkotzat” jo ditu alkateak: “Inguru oso berritu izana funtsezkoa izango da aztarnategia herritarren esku uzteko eta gotorlekuaren aztarnak bisitatu ahal izateko, baita jarduerak antolatzeko ere”.
Lanak egiteko 601.754,09 euroko aurrekontua erabili dute. Diru horren %50 Espainiako Gobernuak jarri du, %1,5 Kulturala laguntza programaren bitartez, eta obrak Harri Construcciones y Mamposteria SL enpresak egin ditu.
Lanak
Lan guztiak kontrol arkeologikoarekin egin direla baieztatu du udalak. Bere horretan gaztelua ondarea izateaz gain, orain arte ezkutuan zeuden zati batzuk azaleratu zituzten, “funtsean, iparraldeko kuboaren abiagunea”.
Lehenik, aztarnategiaren bueltako sasiak kendu eta lurrak mugitu zituzten . Jarraian, gazteluaren hormak osatzen dituzten harlangaitzezko horma atalen eta kuboen gainazala garbitu zuten, eskuz, espatula, arraspa eta eskuilak erabilita.
Hurrengo lana gaztelua babestea izan da. Nagusiki piezak morteroarekin sendotu dituzte; horma ataletako arrakalei betegarri injektatu; eta kanoi eta fusil zuloak berreraiki. Ondoren, gotorlekuaren barruko espazio publikoa egokitu dute, baita ingurukoa ere. Orain oinez bisitatzeko ibilbideak daude bertan.
Ekitaldiak
Aztarnategia zaharberritzeko lanak probestuko dituzte, “antola daitezkeen jardueren erakusgarri”. Hala, larunbat honetan, martxoak 11, 12:00etan, herritarrek Gazteluzar berriz deskubritzeko ekitaldi ireki bat egingo dute.
Ekitaldi horretan bi eszena antzezturen errepresentazioa egingo dute: Txoka lumazko kapa zeraman aliatua, eta Un castillo en Behobia. Biak ala biak Ana Galdos historialariak idatzi ditu, eta zuzendaritza artistikoaz Ana Perez arduratu da. Bi emankizunen artean XVI. mendean girotutako hamaiketakoa eskainiko dute.
Bestetik, El cantar de Gazteluzahar ikuskizuna eskaini nahi dutela ere aurreratu du udalak. Pedro Ballaz irundarraren bertsoetan inspiratutako antzezlan bat da, eta Atzokoak abesbatzaren eta Albada musika taldearen laguntzarekin. Lanekin guztiz bukatzen dutenean antzeztuko dute bertan.