Emakumeen ekintzailetza bultzatuz
Emakume ekintzaileen jarduna ikusarazteko eta belaunaldi berrientzat eredu izateko helburuarekin, Bidasoa Bizirikek sei emakume elkarrizketatu eta bideoak sortu ditu.
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Biziriken bitartez, Martxoaren 8ra begirako sentsibilizazio kanpaina bat abiatu dute. Emakumeen jarduna bistaratzeko, eskualdeko hainbat emakume ekintzaile elkarrizketatu dituzte eta, orotara, sei bideo egin dituzte. Helburua da emakumeen ekintzailetza ikusaraztea, belaunaldi berrientzat eredu izan daitezen.
Bidasoa Biziriketik jakinarazi dute garatzen dituzten programa eta proiektuak genero ikuspegia aintzat hartzen dutela, lan merkatuan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunei aurre egiteko eta genero berdintasuna bultzatzeko. “Lan eremuan desberdintasun horiek ezabatzeko lan egiteaz gain, Bidasoa Bizirikek emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunerako politika bat sortu zuen, Berdintasun Batzordea sortuz eta 2020ko irailean bere lehen Berdintasun Plana onartuz”, esan du Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirikeko presidenteak.
Emakume ekintzaileen jarduna ikusarazteko egitasmoa berdintasun Planaren bosgarren ardatzaren barruan kokatzen dela zehaztu dute agentziatik. Honako emakumeei egin zaizkie bideoak: Maite Munarriz (Lurra), Esther Cilla (Pole Pole), Sonia Higueras (Ni Art Floral), Maider Camara (Okil), Pia Alkain (Bidatour) eta Julene Iraola (Wave Back Project).
Bideo horiek Bidasoa Biziriken sare sozialetan eta webgunean zabalduko direla aurreratu dute. Ekintzaile bakoitzak bere proiektuaren xehetasuna azaltzen ditu.
Emakunderen erakunde laguntzailea
Duela gutxi Emakundek Bidasoa Bizirik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde izendatu zuen. Proiektu horren barruan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun handiagoa eta berdintasun hori eragozten duten oztopoak kentzea sustatzen duten jarduerak egiten dituzte erakundeek.
Horrez gain, Bidasoa Bizirik Bai Sarera atxiki da, honako helburuekin:
- Esperientziak, jakintzak, praktikak, ikaskuntzak, ideiak, metodologiak eta abar partekatzea.
- Neurriak garatzen, tresnak egiten eta ekimen partekatuetan laguntzea.
- Sarea barne mailan (erakundeetan bertan) eta kanpo mailan (gizartean) ikusaraztea.
- Sarea ekintza eredu eta iritzi erreferente gisa ulertzen da (gai profesional, enpresarial, ekonomiko eta gizarte gaietan, besteak beste).
- Enpresa eta gizarte errealitatea eraldatzea, lan eremuko genero aldeak murriztuz eta berdintasuna eta justizia soziala erakundeen balio estrategikoak izan daitezen bultzatuz.